Urtarrilean Laudioko bi tabernetan eginiko operazioren tankerako beste bat burutu zuen Ertzaintzak atzo gauean, oraingoan errekaren beste aldeko beste bi establezimendutan. Brigada Mugikorreko lau furgoneta eta hainbat patruila agertu ziren bi kale paralelotan, eta baita txakur-unitatea ere.
Bi tabernetan sartu eta barruan zeuden guztiak identifikatu eta miatzeari ekin zioten, afaltzen zegoen jendea tartean.
Herritar ugari pilatu ziren kanpoaldean, gertatzen ari zena ikusteko. Horietako batzuek egiten ari zirena aurpegiratu zieten poliziei, eta agenteek bizilagun horietako bat atxilotu zuten.
Dena den, aske utzi dute atxilotua dagoeneko, Ertzaintzaren prentsa bulegoak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez. Hala ere, epaitegira jo beharko du etorkizunean, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatu baitizkiote.
Prentsa bulegotik baieztatu dute operazio berri hau azken hilabeteetan eskualdean drogaren aurka egin diren beste esku-hartzeen testuinguruan kokatzen dela.
Nabarmendu dutenez, hainbat pertsona identifikatu dituzte operazio berri honetan, eta substantzia estupefazienteak ere topatu dituzte. Hala ere, ez dute zehaztu zenbat jende identifikatu duten, ezta zigor ekonomikorik jarri duten ere, "atestatuak zabalik jarraitzen duelako".
Zortzi operazio hilabete bakarrean, gutxienez
Atzokoarekin, zortzi dira Ertzaintzak drogen aurka Aiaraldean egin dituen operazioak azken asteetan. Iragan asteartean 18 urteko gazte bat atxilotu zuten Aiaraldean haxixa saltzea leporatuta eta beste bi adingabe isundu zituzten droga kontsumitzeagatik. Iragan asteburuan Orozkon eta Amurrion aritu ziren, pasa den asteko ostegunean Laudion eta urtarrilean herri bereko bi tabernatan, parkean edota ikastetxeen kanpoaldean.