Belandian atzemandako hiru tona marihuana "droga" ez direla egiaztatu dute laborategietan, akusatuak jakinarazi duenez

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 13a, 21:00

Ertzaintzak iazko urtarrilean atzemandako marihuana CBD motakoa zen, hau da, ez zen produktu estupefazientea, akusatuak azaldu duenez. / Ertzaintza

Iazko apirilean egin zituzten kalamuaren azterketak laborategian eta emaitzek berretsi zuten akusatuaren bertsioa, honek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez. Hala ere, osasun publikoaren kontrako delitua leporatzen dio Ertzaintzak.

Iazko urtarrilean Ertzaintzak Belandian atzemandako hiru tona marihuana ez ziren "droga". Izan ere, ez zuten kontsumitzaileen egoera psikikoan zein fisiologikoan inolako eraginik sortzeko gaitasunik, THC substantzia psikoaktiborik ez baitzuen. Hortaz, atxilotutako gizonezkoak esan bezala, CBD motakoa zen kalamua.

Hala berretsi zuten laborategian iazko apirilean egindako azterketetan, akusatuak adierazi duenez. Dena den, Ertzaintzak mantendu du atxilotutako gizonezkoaren kontrako eskaera fiskala osasun publikoaren kontrako delituagatik.

Akusatuak azaldu du laborategiko azterketek frogatu dutela marihuanak ez zuela THCrik, hau da, ezin zuela eragin fisiko zein psikologikorik sortu balizko kontsumitzailean

Edonola ere, akusatuak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari epaileak sinatzeko beharraren maiztasuna aldatu diola jadanik: "Lehen egunero joan behar nintzen epaitegira sinatzera, azterketen emaitzen ondoren, bi astean behin bete behar dut agindu hori".

Akusatuaren bertsioa

Aiaraldea Komunikabidea Ertzaintzak atxilotutako gizonezkoarekin jarri da harremanetan eta honek azaldu dio marihuana horren jatorria guztiz legala zela: "Kalamua Murtziako latifundio batean ekoiztu zen, legedia eta hainbat dokumentazio beteta, eta Guardia Zibilak jakinda. CBD kalamua zen, legalki saltzen dena, ez duelako THCrik. Dena legea jarraiki egin zen, hiru tona marihuana eskuratzeko hektareak eta hektareak landatu behar baitira eta negutegi ugari izan".

"Marihuana Murtziako latifundio batean produzitu zen legea jarraiki eta Guardia Zibilak jakinda", azaldu du akusatuak

Komunikabideak galdetu dionean nola bukatu zuen kalamuak Belandian, herritarrak horrela azaldu du: "Produzitu zuen enpresak 40.000 euroko zorra zuen nirekin, bere langilea izan nintzelako hiru urtez, eta ez zutenez niri ordaintzeko asmorik, kalamua eman zidaten zorra, nolabait, kitatzeko".

Marihuana ezin zen kontsumitu

Akusatuak erantsi du, gainera, kalamua ez zela egokia kontsumorako: "Nik ezin izan nuen saldu eta hiru urte zituen jadanik. Aurretik bota nahi nuen, baina mina hartu nuen esku batean eta ebakuntza egin zidaten. Ondorioz, ezin izan nuen ortuan edo nonbaiten bota, eta Belandian utzi nuen. Hala ere, eraikin hori ez zen egokia biltegi gisa eta marihuana asko ustelduta zegoen, besteak beste, hezetasunagatik. Poltsa gehienetan zeuden kukuiluak marroi edo ustel zeudela ikusi zuten bertaratutako Ertzaintzako agenteek".

Errugabetasuna erakustea

Azkenik, herritarrak aipatu du orain harremanetan dagoela marihuana produzitu zuen enpresarekin. Berez, eskualdeko gizonezko honek lortu nahi ditu trazabilitatea frogatzen dituzten agiriak, baina momentuz ez ditu eskuratu. Hori bai, espero du epaiketarako izatea.

Oihartzun handiko operazioa

Azterketaren emaitzak orain arte iritzi publikora heldu ez badira ere, Ertzaintzaren operazioak sona handia izan zuen iaz. Alde batetik, Aiaraldean esku-hartzearen irudiak zabaldu ziren sare sozialen bitartez, gero Vocento taldeak orrialde osoa eskaini zion (non adierazi zuten EAEn inoiz egindako konfiskazio handiena izan zela) eta Ertzaintzak berak oharra eta bideoa argitaratu zituen.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide