ZINEMA KRITIKA

Urduñak egiten du filma berezi

Txabi Alvarado Bañares 2024ko uzt. 8a, 21:28

Andres (Dani Rovira) eta Mai (Susana Abaitua) dira filmeko protagonistak.

Urduñako eta Aiaraldeko errealitate sozialarekin dituen puntu komunek egiten dute berezi El bus de la vida pelikula estreinatu berria.

Madrilen bizi den musikari bat da Andres. Bizitzako hainbat gorabehera medio, Urduñara doa bizitzera, bertako ikastetxean ordezkapen bat egiteko musika irakasle moduan. Klaseak hasi eta berehala, belarriko minbizia diagnostikatu diote, eta antzeko egoerak bizi dituzten bizilagunekin erlazionatzera eramango du horrek. 

Hori da El bus de la vida filma estreinatu berriaren abiapuntua. Berez, argumentua ez da bereziki berritzailea. Kontaezinak dira antzeko eskema baliatzen duten pelikulak, genero zinematografiko berezitu bat osatzeraino ia, “pertsona bat hiritik herrira doa bizitzera eta bertan bizitzaren benetako baloreak ikasten ditu” gisa izendatu ahalko litzatekeen generoa, alegia.

Hori kontuan hartuta, El bus de la vida telebistan bazkalostean jartzen dituzten pelikulen modukoa izatera mugatu ahalko litzateke. Baina, argumentu itxuraz sinple horren atzean, Ibon Cormenzanak zuzendutako filmak baditu zenbait berezitasun aipatzea merezi dutenak. 

Aiaraldeko biztanleentzat, arrazoi nagusi bat egongo da filma ikustera joateko: filmaren gehiengoa Urduñan grabatuta dagoela. Ondorioz, filmeko protagonistak Foru plazan edota Antzinako Andra Mari Ikastetxeko korridoreetan barrena ikustea motibo nahikoa izan daiteke pelikulaz gozatzeko, bestelako pretentsiorik gabe. Are gehiago kontuan hartzen badugu filmean agertzen diren estra gehienak hiriko edota eskualdeko bizilagunak direla (Malen Atxa bakarlari laudioarra eta Cuatro Bancos talde amurrioarra, adibidez, abesti bat kantatzen agertzen dira filmaren eszenetako batean).

Baina luzemetraia ez dago soilik Urduñan grabatuta, Urduñan girotuta ere badago, eta hori bada sorpresa bat, onerako. Pelikulen errodajeetan oso ohikoa da lokalizazio asko grabatzea oso toki ezberdinetan eta gero, muntaiaren magiari esker, hiri-frankestein bat osatzea, lokalizazioen benetako errealitatearekin zerikusi gutxi duena. 

Baina hori ez da El bus de la vidaren kasua. Pelikula honetan Urduña Urduña da, Urduña gisa izendatzen da eta lokalizazioen arteko lotura eta konbinazioek badute nolabaiteko logika espazial bat (salbuespenak salbuespen).

Horrek, dudarik gabe, filmean murgiltzea erraztuko dio Bizkaiko hiri bakarra ezagutzen duen pertsona bati.  

Eta horri esker, Aiaraldeko herritarrei erlatiboki sinesgarria suertatu ahal zaie pantailan ikusten ari diren istorioa Urduñan gertatzen egotea. Sinesgarritasun hori, gainera, handitu egiten da filmaren une batzuetan, kontatzen den istorioaren zenbait pasartek nahikotxo errimatzen dutelako bertako zein eskualdeko errealitate sozialarekin. 

Filmeko “bizitzaren autobusak” nahikotxo errimatzen du Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak Urduñatik Usansoloko ospitalera joateko autobus zuzen bat jartzeko abiatutako borrokarekin

Filmari izena ematen dion “bizitzaren autobusean” bertan ikusi daiteke horren adibiderik argienetako bat. Maik (Susana Abaitua) gidatzen du autobus hori, modu boluntarioan, minbizia duten urduñarrak Basurtuko ospitalera eramateko. Gaixoetako batek (Elena Irureta aktoreak hezur-haragitzen duena) filmaren hasieran azaltzen dio Andresi (Dani Rovira) autobus hori erre egin beharko luketela, zerbitzua publikoa izan beharko litzatekeelako. “Aldundiak jarri beharko luke, edo gobernuak, edo horietakoren batek”, aldarrikatzen du minbizia duen andre nagusiak, eta jarraian, bere senarraren argazkia erakusten dio Andresi, “egunero megafonoa eskutan zeraman garaikoa”. 

Modu horretan, nahita edo nahigabe, filmak lotura argia egiten du Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak Urduñatik Usansoloko ospitalera autobus zuzen bat jartzeko abiatutako borrokarekin. Hain zuzen, iaz ekin zioten aldarrikapen hori zabaltzeari, filmaren Urduñan grabatzen ari zen garai berean.

Eskualdeko errealitatearekin beste errima esanguratsu bat ikusi daiteke Maik (Susana Abaitua) Andresi (Rovira) kontatzen dionean bere aitaren heriotzagatik enpresa siderurgikoak eman zion kalte ordainarekin atondu zituela Gorobelen magalean dituen ortu ekologikoak. Egoera hori tristeki ezaguna egingo zaio iragan milurtekoan Aceros de Llodion edota eskualdeko antzeko beste edozein lantegitan beharrean aritu zen edozein langileri, nahiz eta filmean “amianto” hitza zuzenean aipatu ez. 

Laburbilduz, filma bere horretan nahiko konbentzionala dela esan daiteke, bai eduki nagusiei zein formei dagokionez. Baina arestian aipatutako tokikotasun zertzeladek bestelako ukitua ematen diote. 

Beste modu batera esanda, Urduñak egiten du, hein batean, pelikula berezia, izan arestian aipatutako errealitatearekiko paralelismoengatik edota pelikulan tantaka agertzen diren umore ukituengatik.

Azken horren adibide irrigarriena da bi protagonisten arteko elkarrizketetako batean ikusi daiteke, Maik Andresi esaten dionean bere sekretua kontatu ahal diola, bera “hilobi bat” delako; eta, horren aurrean, Dani Roviraren pertsonaiak erantzuten dionean: “Bai, baina hau Urduña da”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide