El Refugio de los Sabios animalien aterpea itxi behar izan dute

Aitor Aspuru Saez 2024ko abe. 19a, 15:40

El Refugio de los Sabiosen artatutako katu bat.

Aterpea kudeatzen zuen elkarteak adierazi du Udalak ez diela baimenik eman lursaila erabiltzeko eta azken animalia atera ondoren, espazioa itxi dute. Tokiko erakundeak, bere aldetik, argitu du hirigintzaren aldetik ezinezkoa dela jarduera hori eremu horretan egitea.

Aste honetan itxi dute El Refugio de los Sabios animalientzako aterpea. Proiektua abiatu eta kudeatu duen elkarteak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari egungo udal gobernu taldeak ez diola baimenik eman orain arte baliatu duten lursaila erabiltzeko (udal jabegoakoa dena) eta, ondorioz, amaitutzat jo dute 2020an hasitako ibilbidea.

Udalak argitu du lursailak ez duela hirigintza araudia betetzen

Urduñako Udalak, bere aldetik, adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari eten behar izan duela aterpearen jarduera arrazoi anitzengatik. Nagusiena izan da hirigintza araudiaren arabera, ezin dela babesleku bat lursail horretan egon. Hortaz, ezinezko da egoera legeztatzea.

Bestalde, Udalak azpimarratu du ez dagoela hitzarmen formalik, ezta lagapen akordio formalik ere.

Horrez gain, udal gobernu taldeak erantsi du aterpearen jarduerak legea bete ahal izateko orain arteko kokapenean, inbertsio oso handia egin beharko litzatekeela eta tokiko erakundeak ez daukala gaitasun ekonomiko nahikorik horretarako.

Halaber, Udalak aitortu du El Refugio de los Sabios babeslekuko taldeak egindako lana.

Azkenik, tokiko erakundeak aipatu du animalien ongizatearekin konpromisoa duela eta horretara bideratutako ekintzak antolatuko dituela, araudien barruan.

Aterpearen ibilbidea

Azken lau urteetan 216 animali hartu ditu bere gain babeslekuak, adopzioak bideratzeko zein horien jarraipenak egiteko. Etxerik gabe geratutako edo galdutako animaliei edota tratu txarrak pairatu izan zutenei tokia egiten zien aterpeak, jabe berrien esku utzi arte.

Berez, El Refugio de los Sabios ez zen soilik txakur edota katuentzako eremua. Izan ere, txerriak, dortokak edota astoak ere hartu dituzte.

Jarduera finantzatzeko azokak eta bestelako elkartasun egitasmoak antolatu dituzte eta Zaraobe Institutuarekin ere elkarlanean aritu ziren animalientzako etxolak eraikitzeko. Auzolanak ere deitu dituzte urtea hauetan zehar.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide