Aiaraldeko Hezkuntza Publikoaren aldeko jaia egin zuten atzo Urduñako Foru plazan. Berez, duela astebete egingo zuten ekimena, baina atzeratzea erabaki zuten azkenean, Guardianen itxieraren aurkako mobilizazioarekin ez kointziditzeko.
Hala ere, data aldaketak ez zuen moldaketarik eragin egitarauan. Puzgarria, haurrentzako jolasak eta talo tailerra egon ziren arratsaldean zehar. 18:30ean txokolatea banatu zuten, eta handik ordu erdira hasi zen Eriz Perez musikariaren kontzertua.
Aurrematrikulazio kanpainaren testuinguruan egin zuten atzoko ekimena, hezkuntza publikoaren aldeko hautua aldarrikatzeko. Iaz Laudion egin zuten jaia, eta aurten Urduñara mugitzea ez da kasualitatea izan. Izan ere, hirian ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren jaiaren 32. edizioa, ekainaren 1ean.
Argazkiak: Koldo Zabala Atxa