Lan Ikuskaritzak erruduntzat jo du Amiantec 3000 enpresa Mohamed Lazraquen heriotzagatik, komunikabideei filtratutako informazioaren arabera

Txabi Alvarado Bañares 2025eko uztailaren 11

Elkarretaratzea egin zuten Urduñan Mohamed Lazraquen heriotza salatzeko. / Aiaraldea.eus

Iazko urrian zendu zen Urduñako bizilaguna Loiuko enpresa batean amiantoa kentzen ari zela. 8,5 metroko altueratik erori zen, eta ikuskaritzak uste du ez zegoela inora lotuta. 

Lan Ikuskaritzak errunduntzat jo du Amiantec 3000 enpresa Mohamed Lazraquen heriotzagatik. Urduñako bizilaguna Amurrioko enpresa horrentzat lanean ari zen iragan urrian, amiantoa kentzen, Loiuko GECSA Conductores y Conexiones Especiales S.A. enpresako sabaitik erori zenean. Ikuskaritzak ondorioztatu du 8,5 metroko altueratik erori zela, eta ez dirudiela inora lotuta zegoenik, segurtasun arnesa soinean zeraman arren.  

Ikuskaritzak ondorioztatu du Mohamed Lazraq 8,5 metroko altueratik erori zela, eta ez dirudiela inora lotuta zegoenik.

Txostena berez ez da publiko egin oraindik, baina Vocento taldeak eman du bertako edukiaren berri. Aiaraldea Komunikabidea Osalanekin jarri da harremanetan eta erakunde horretako kideek baieztatu diote dokumentua amaituta dagoela eta enpresari helarazi zaiola, baina ez dakitela nola filtratu den. LAB sindikatuak, bere aldetik, komunikabideari jakinarazi dio ez dutela oraindik inolako informaziorik jaso, nahiz eta hilabeteak daramatzaten txostena eskatzen.

Dena dela, Vocentok zabaldutako informazioaren arabera, txostenak ondorioztatzen du harremana dagoela lan heriotzaren eta enpresak lan arriskuen prebentzioan dituen gabezien artean. Besteak beste, ikuskariak ondorioztatu du sabaiko bizi-lerro finkoak kendu zituztela eta ez zirela horren ordezkoak jarri, planak hala zehazten zuen arren. Ondorioz, langileak homologatu gabeko soka batera edo sabaiko estruktura metalikora lotzen ziren eta, lehen esan bezala, ikuskariak ondorioztatu du hildako behargina ez zegoela inora lotuta istripua gertatu zen unean. Zehazten duenez, Mohamed Lazraquen lankideak behean zeuden urduñarra erori zenean, eta baita prebentzio arduraduna ere.  

LAB sindikatuak hilabeteak daramatza txostena eskatzen, baina oraindik ez du jaso. 

Ikuskariaren dokumentuak langileen, obran inplikatutako prebentzio arduradunen eta Osalanen teknikarien adierazpenak hartzen ditu. Ateratako ondorioak medio, zigor-espedientea abiatu du ikuskaritzak. Ikusteke dago, beraz, zer segida izango duen auziak.

Kasu gehiago

Mohamed Lazraquena ez zen kasu isolatua izan. Aiaraldea Komunikabideak Amiantec 3000ko hainbat langile ohirekin hitz egin zuen lan heriotza gertatu berritan, eta antzeko gauzak kontatu zituzten guztiek Amurrioko enpresako lan baldintzen inguruan. Amiantoa kentzeko segurtasun neurri egokien gabezia, arnesak iraungita egotea edota formazio falta salatu zuten, besteak beste: “Bagenekien azkenean norbait hil egingo zela, gutako edonor izan zitekeen”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide