Guardia Zibila Urduñako komentura bertaratu da han dauden moja nagusien egoera zein den jakiteko, moja klaratarren aurkako sententziaren ostean

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abuztuaren 1a

Moja klaratarrak artxibo irudi batean. / Instagram

Beloradoko komentutik joateko agindu die Burgosko Auzitegiak Eliza Katolikoa utzi zuten zortzi mojei.

Ordu mugituak izan dira azken hauek Urduñako moja klaratarren auzian. Astelehenean izan zuten epaiketa eliza katolikoa utzi duten zortzi erlijiosoek, eta handik egun batzuetara iritsi da sententzia. Belorado udalerriko komentutik joateko agindu die Burgosko Auzitegiak, nahiz eta ez duen horretarako eperik ezarri. Gainera, epaituek jakinarazi dute helegitea jarriko dutela, eta horrek prozesua luzatuko du seguru asko.

Dena den, gaur bertan segizio judizial bat bertaratu da Belorado eta Urduñako komentuetara, Guardia Zibilarekin eta Burgosko Artzapezpikutzako ordezkariekin batera. Izan ere, klaratarren artean badaude bost kide ez dutenak eliza katolikoa utzi, eta adinez oso nagusiak dira.

Gauzak hala, euren egoera zein den jakitea izan da segizioaren helburua. Beloradora jo dute lehenbizi, eta Urduñara joan dira gero. Izan ere, hiriko komentura mugitu zituzten bost moja nagusiak duela egun batzuk. Hala aitortu dute eliza katolikoa utzi duten mojetako bik Urduñako eraikinaren aurrean abokatu batekin batera eskainitako adierazpenetan. Bertan aditzera eman dutenez, Beloradotik Urduñara mugitu dira guztiak. “Guk aurreko egunean galdetu genien (moja nagusiei) ea gurekin etorri nahi zuten hona, aurreko egunean izandako guztiaren ostean, prentsarekin eta abar”, adierazi du eliza katolikoaren apurtzea erabaki duen erlijiosoetako batek, “eurek baietz esan ziguten, eta beraien borondate eta askatasunarekin ekarri genituen hona”.

Adierazi dutenez, Beloradotik Urduñara mugitu dira moja klaratarrak, eta bertara eraman dituzte baita eliza katolikoa utzi ez duten bost kide nagusiak ere.

Azaldu dutenez, segizio judizialak autobus egokitu bat eraman du bost moja edadetuak Medina de Pomarreko komentu batera mugitzeko, baina eurek ez dute joan nahi izan. “Bost mojetako hiruk argi eta garbi esan dute ezetz, eta Guardia Zibilak grabatu egin du gainera. Laugarrenak ez du ondo hitz egiten, gauza bat eta aurkakoa esaten zuten eta horregatik ebatzi dute ezin zutela bere borondatearen aurka mugitu”, azaldu du klaratarren abokatuak.

Bere hitzetan, bosgarren mojarekin egon da tira-bira, “bai ala bai” mugiarazi nahi zutelako, eta letraduna jarri omen da erdian. “Azkenean ebatzi dute indarrez soilik mugiarazi ahal zituztela, eta ez egitea erabaki dute”, azaldu die hedabideei. Hori bai, aitortu du moja klaratarrak identifikatu dituztela, eta aukerak daudela  “desobedientzia delitua” egozteko. Hala ere, erlijiosoak lasai azaldu dira aukera horrekin “kartzelara joateko prest” daudela ziurtatuta.  

Bai abokatuak eta bai mojek gogor kritikatu dute gaur gertatutakoa. Erlijiosoek "bahiketa saiakera" gisa definitu dute, eta abokatuak berak “higuingarritzat” jo du segizioaren jarduna.

Urtebete baino gehiago daraman auzia

Iragan maiatzean jakin izan zen Belorado eta Urduñako komentuetako moja klaratarrek eliza katolikoa utzi zutela eskuin muturreko sekta batera batzeko. Zehazki, Pablo de Rojas Sanchez-Francoren ordenera batu dira erlijiosoak. Pertsona hori 2019an bota zuten Eliza Katolikotik eta apezpiku izendatu zuen bere burua. Besteak beste, Francisco Francok sustatutako “doktrina sozialaren” aldekoa da, naziek judutarren aurka eginikoa “holokaustoa” izan zela ukatzen du eta COVID-19aren txertoen aurka ere azaldu zen.

Gauzak hala, prozesu judizialetan murgilduta igaro dute azken urtean klaratarrek, Eliza Katolikoak euren aurkako salaketak jarri dituelako higiezinak berreskuratzeko, besteak beste. Hala ere, auziak Burgosko zonaldean izan du oihartzuna batez ere, mojak bertan bizitzen egon baitira, eta ez Urduñan. Orain, eraikin hori uzteko aginduaren eta gaurko gertakarien ostean, ikusteke dago ea Urduña bilakatuko den auzi honen epizentro berria.  

Moja klaratarrek Instagram kontua ireki zuten duela urtebete euren bertsioa zabaltzeko, eta bertan ere eman dute gaur Urduñan jazotakoaren berri. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide