30. urteurrena ospatuko du Urduña Herri Eskolak azaroaren 14an

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 6a

Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatu dute Urduñan aurten ere. / Aiaraldea.eus

Azaroaren 14an izango da ekintza ikastetxeko gimnasioan eta euskarazko hezkuntza laikoa aldarrikatuko dute.

Urduña Herri Eskolako Goraso Elkarteak deialdia zabaldu du, ikastetxearen inaugurazioaren 30. urteurrena ospatuko baitute datorren ostiralean. 17:30ean izango da ekitaldia hezkuntza zentroko gimnasioan eta aukera baliatuko dute iraganera zein etorkizunera begira jartzeko.

Berez, ekitaldian solasaldia, argazki eta bideo zaharren proiekzioa, lekukotzak, logotipo berriaren aurkezpena, mokadua eta kalejira egingo dituzte.

Izan ere, honakoa aldarrikatu dute: "Urduñako familia talde batek amets ausarta izan zuen: euskarazkoa, laikoa eta publikoa izango zen eskola bat sortzea. Ilusioz eta konpromisoz, komunitate osoaren indarrez, herriaren balioak eta nortasuna islatzen zituen proiektua martxan jarri zuten".

Eskola komunitatearen aburuz, hezkuntza proiektu hutsa izatetik herria batzeko elementua izatera igaro da zentroa. Hori dela eta, uste dute ikastetxeak egindako bidea eta ikasleen, gurasoen eta irakasleen ahalegina aitortu beharra dagoela.

Etorkizunari begirako aldarrikapenak

Halaber, ekitaldiaren antolatzaileek ez dute aurrera begirako erronkarik baztertu eta Urduña Herri Eskolan inbertitu eta hobekuntzak egiteko premia azpimarratu dute: "Orain 30 urte inauguratu genuen eraikina berritu beharra dago. Izan ere, hezkuntza erronka berriei aurre egiteko askotariko espazioak, inklusiboak eta aktiboak behar ditugu. Gainera, eraikina gehienezko edukierara iristen ari da; espazioa handitu beharra dago. Horrekin batera, jangela ereduarekin aurrera jarraitzeko, sukalde propioa behar dugu, baita espazioaren berregituraketa ere. Horregatik, funtsezkoa da erakunde publikoek ardura hartzea eta ikas-komunitate osoaren ongizatea, ikaskuntza eta parte-hartzea sustatuko duten azpiegiturak bermatzea. Hezkuntza da etorkizunaren giltza, eta giltza hori gure herriaren esku dago".

Ez da aurten Urduña Herri Eskolak hartu duen erronka bakarra, Euskal Eskola Publikoaren jaia ere antolatu baitzuten ekainean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide