Urduñako Herri Eskolak sukalde propioa izango du

Aitor Aspuru Saez 2025eko ekainaren 2a

Begoña Pedrosa Urduñan, Euskal Eskola Publikoaren Jaiko ekitaldi nagusian. / Aiaraldea.eus

Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak hala adierazi zuen atzo Euskal Eskola Publikoaren ekitaldian.

Harridura eta poztasuna, antzeko neurrian, eragin zituen Urduñako Hezkuntza Publikoko komunitatean atzo Begoña Pedrosa Sailburuak egindako iragarpenak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak aurreratu zuen Urduñako Herri Eskolak sukalde propioa izango duela. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren hasiera ekitaldian aipatu zuen hori, gainera. 

Sailburuak ez zuen xehetasunik eman, baina aipatu zuen zenbait zentrotan sukaldeak jartzeko asmoa dutela eta bat Urduñako Herri Eskolan egongo dela.

Argitu beharra dago hezkuntza zentroa aitzindaria dela, tokiko ekoizpenean oinarritutako menuak eskaintzen baititu. Baina otorduak ez dira eskolan bertan prestatzen, Urduñako nagusien egoitzan baizik, non sukalde zentrala dagoen, ikastetxetik metro eskasetara.

Aiaraldea Komunikabideak atzo bertan galdetu zion sailburuari egindako ezusteko adierazpenei buruz hala erantzun zuen berak: "Ez dugu ezer ez, bakarrik egingo ditugula hainbat sukalde berri eta bat Urduñan izango dela".

Aspaldiko aldarria da sukaldearena. Izan ere, eskolak menu agroekologikoak eskaintzen dizkie ikasleei, baina Nagusien egoitzan prestatzen dituzte, ikastetxetik metro eskasetara.

Hortaz, Hezkuntza Saileko arduradun nagusiak ez zuen eperik zehaztu, baina egitasmo zabalago baten barruan kokatu zuen inbertsioa. 

Ezustea eta baikortasuna 

Albisteak erabat jokoz kanpo harrapatu zituen hekuntza publikoko komunitateko kideak, Aiaraldea Komunikabideak atzo egindako zuzeneko emankizunean sumatu ahal izan zuen moduan.

Ez Enartze Larrakoetxea eskolako zuzendariak, ez Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak ez zekiten ezer, eta harrituta agertu ziren. Positiboki hartu zuten biek berria, baina apur bat nahastuak ere. Izan ere, aldarrikapen hori ez da berria ez Urduñako Herri Eskolaren zein EHIGEren aldetik eta ez ziren plan berrien jakitun.

Urduña, tokiko elikaduraren eredu

Urte luzez landu dute Urduñan tokiko ekoizleen eta elikadura agroekologikoaren beharra eta inurri lanak emaitza nabarmenak eskaini ditu. Duela gutxi ireki zuten Belardi haragi eraldaketarako zentroa eta 2018tik Urduñako Herri Eskolak menu agroekologikoak ematen dizkie ikasleei.

Proiektu pilotu gisa abiatu zen 2018-2019ko ikasturtean eta Urduñako LHI eskolako IGEk kudeatzen du jantokia, Urduñako Elikadura Estrategian barneratuta. Hiriko eskolaz gain, Markina-Xemeingo eskola publikoak, Gernikako Allende Salazar eskolak eta Mungiako Laukariz eskola publikoak ere dituzte antzeko proiektuak.

Edonola ere, eredua mantendu eta indartu ez ezik, kanpora begira ere erreferente sendoa bilakatu da Urduñakoa. Italiako bisitariak izan dituzte eskolan, eusko legebiltzarkideak ere bertaratu dira ezagutzera eta Gure Platera Gure Aukera plataformaren oinarrietako bat da.

Hain zuzen, erakunde horrek exijitzen du eskola publikoetan catering zerbitzuak alboratzea eta aukera ematea Urduñak garatu duen egitasmoa erreplikatzeko. Izan ere, jadanik 50 ikastetxek eskatu dute horrela funtzionatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide