Guardia Zibilak bi moja klaratar ohi —Eliza Katoliko utzi baitzuten iaz— atxilotu zituen pasa den astean, eta gero aske geratu baziren ere, ondare historikoa modu ilegalean bereganatzeagatik salatu ditu. Leongo antikuario bat ere ikertzen ari da polizia.
Berez, erakunde armatua pasa den astean egon zen Urduñako klaratarren komentuan eta "nabarmentzekoa den" artelan kopurua topatu zuen han. Guardia Zibilak aipatu du Beloradoko monastegitik atera zituztela artelanak eta euren susmoa da saltzeko prest zeudela. Esaterako, Maria de Velasco XVI. mendeko Beloradoko monastegiko abadesaren testamentua topatu zuten gela batean paketatuta.
Guztira, 30 artelan berreskuratu ditu Guardia Zibilak Urduñan eta Beloradon egindako operazioan. Horien artean daude XIV. mendeko eskulturak, edota XVI. mendeko olio-pintura barrokoak.
Arte trafikoaren akusazioa
Dirudienez guardia zibilek ikerketa abiatu zuten sumatu zutenean Belorado monastegiko zenbait pieza —Paduako San Antonioko XVII. mendeko figura bat, adibidez— antigoaleko merkatuan zeudela salgai, baita Internet bidez eta Madrilgo denda batean ere.
Ondorioz, mojei ondare hori lapurtzea leporatu diete eta antikuarioari piezak bereganatzea inolako ziurtagiririk eskatu gabe.
Burgoseko Guardia Zibilak hartu du bere gain ikerketa eta atzo aurkeztu zuten publikoki berreskuratutako ondare artistikoa. Momentuz, ez dute adierazi zein den bere balioa eta Burgoseko Museoarekin ari dira elkarlanean horretarako.
Aipatu beharra dago Guardia Zibilak aurretik bisitatu zuela komentua, klaratarrak Elizatik banandu zirenean bertaratu baitzen.