Maiatzaren 7tik 17ra ospatuko dituzte Otxomaioak, ostegunean hasita

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 17a

Maiatzaren 7an hasiko dira Otxomaioak eta 17ra arte luzatuko dira. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 7an, osteguna, hasiko dira aurtengo Otxomaio jaiak. Urduñarrak hasi dira motorrak berotzen; 2026ko pregoilariak eta txupineroak hautatzea dute lehen zeregina.

Hasi dira 2026ko Otxomaio jaietarako motorrak berotzen. Dagoeneko zehaztu dituzte jai-egunen datak: urduñarrek maiatzaren 7tik 17ra ospatuko dituzte aurten hiriko festak. Maiatzaren lehena jai eguna eta Otxomaio Eguna ostirala direnez, ostegunean jaurtiko dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa.

Ohikoan bezala, bi asteburuz luzatuko dira hiriko festa nagusiak. Maiatzaren 8an ospatuko dute Urduñako egun handia eta maiatzaren 9an Arrastariako bizilagunek ohiko entradillak egingo dituzte. Haurren eguna maiatzaren 11n ospatuko dute, eta jubilatuek, berriz, maiatzaren 13an izango dute protagonismoa. Maiatzaren 17an Bihotzaren erreketarekin agurtuko dituzte jaiak, 2027ra arte.

Pregoilari eta txupinero bila

Azken urteetako dinamika jarraituz, herritarrek aukeratuko dituzte 2026ko txupineroa eta pregoilaria. Hautaketan parte hartzeko bi bide jarri ditu abian Udalak. Telematikoa lehenengoa, Interneten eskura jarri duten inkesta baten bidez. Presentziala bigarrena, Alondegian bizilagun guztien eskura jarri duten kutxan botoa sartuta. Udalak "hiriko figura tradizional horien aukeraketan parte hartzera" animatu ditu herritarrak.

Hiru pregoilari proposatu dituzte: Kristoren Eskola Santua, Bihotza Konpartsa edo Urduñako Gazte Asanblada.

Pregoilaria izendatzerako orduan hiru hautagai nagusiren artean erabaki beharko dute urduñarrek: Aurten 350 urte bete dituen Kristoren Eskola Santua, 25 urteurrena ospatzekotan den Bihotza Konpartsa edo Urduñako Gazte Asanblada. Halaber, laugarren proposamen bat egiteko aukera ere egongo da. Txupinero izateko, aldiz, ez dago hautagai nagusirik, eta hiru proposamen aurkeztu ahalko ditu herritar bakoitzak.

Kartel lehiaketa

Txupinero eta pregoilari bila soilik ez, 2026ko Otxomaioak iragartzeko kartelaren atzetik dabiltza urduñarrak ere. Hain zuzen ere, martxoaren 12ra arte egongo da zabalik kartel lehiaketan parte hartzeko aukera. Aurkeztutako lanek Otxomaio 2026 eta Urduña Jaietan leloak agertu beharko dituzte, eta hainbat kategoria egongo dira lehiaketan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide