Ohikoa baino bereziagoa izaten ari da aurtengo Aste Santua Urduñan. Kristoren Eskola Santuak antolatzen ditu egun hauetako ekitaldi erlijiosoak, eta 350 urte bete ditu erakunde horrek aurten. Gauzak hala, bertako kideak efemeridea baliatzen ari dira aspaldidanik egiten ez ziren hainbat jarduera berreskuratzeko.
Duela astebete, adibidez, Dolumin Barikuko Ama Birjinaren prozesioa berreskuratu zuten, mende erdiren ostean.
Gaur arratsaldean, aldiz, are ekimen bereziagoa egin dute: Gurutzearen Jaitsiera berreskuratu dute, duela 75 urtetik egiten ez zen ekitaldia.
Ehunka lagunek bete dute Andra Mari parrokia. Ostiral Santuko ohiko meza egin dute lehenbizi, Kristoren heriotza gogora ekarriz. Eta jarraian egin dute ikusmira handiena sortu duen ekintza: Kristoren figurari iltzeak kendu eta gurutzetik jaitsi dute, hilobian sartzeko.
Ospakizun gehiago
Igandera arte luzatuko dira Aste Santuko ospakizunak Aiaraldean. Urduñan soilik ez, Amurrion, Laudion, Aiaran edota Artziniegan ere egiten ari dira prozesioak eta bestelako ekitaldi erlijiosoak.