Urduña Herri Eskolako jantoki eredua arriskuan dagoela salatu du Guraso Elkarteak, atzo Eusko Legebiltzarrean jasotako informazioan oinarrituta

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 16a

2017an mobilizazioak egin zituzten Urduñan jantoki eredu agroekologikoaren alde. / Aiaraldea.eus

Atzo Urduña Herri Eskolako hezkuntza komunitateak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean eta bertan azaldu zieten "sukalde propio in situ eta bertikala" ezarriko duela Jaurlaritzak, egun dagoen ereduaren ordez.

Urduña Herri Eskolako Guraso Elkarteak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari 2018an abian jarritako jantoki eredua kendu nahi duela Eusko Jaurlaritzak. Berez, hiriko ikastetxeko hezkuntza komunitatea Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egon zen atzo eta hori izan da eztabaidak utzi duen ondorioa, euren ustez.

"Sukalde propio in situ eta bertikala"

Azaldu bezala, Herri Eskolako hezkuntza komunitateak 2005etik aurrera egindako lana aldarrikatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean eta egungo ziurgabetasunari aurre egiteko neurriak eskatu zituen. Izan ere, 2018tik proiektu pilotu gisa ari da lanean.

PPk, PSE-EEk eta EH Bilduk eskolako eragileek eta Udalak egindako lana aitortu zuten eta horren alde egiteko prestutasuna adierazi zuten, baita EAJk ere, baina Alazne Arana ordezkari jeltzaleak aurreratu zuen etorkizunean (duela urtebete Hezkuntza Sailburuak iragarritako sukaldea eraikitzen denean) kudeaketa eredua aldatuko dutela. Hain zuzen, legebiltzarkideak erabili zituen hitzak izan ziren "sukalde propio in situ eta bertikala" ezarriko dutela.

Hemendik urtebetera kudeaketa eredua aldatuko dutela azaldu zuen Alazne Arana ordezkari jeltzaleak, "sukalde propio in situ eta bertikala" ezartzeko. 

Aranak argudiatu zuen modu horretan integratuko dutela proiektua Eusko Jaurlaritzako parametroetan, egonkortasun juridikoa bermatuko dutela eta beste hiru irizpide ere beteko dituztela: "Ikastetxe guztientzako ekitatea, finantza jasangarritasuna eta segurtasun juridikoa".

Halaber, jeltzaleak azpimarratu zuen modu horretan Guraso Elkarteari duen lan zama kenduko diotela gainetik. 

Eskolako proiektuaren ezaugarriak ez direla bermatuko salatu dute

Eba Colomino Guraso Elkarteko kideak Legebiltzarrean bertan erantzun zion Alazne Aranari eta aitortu zion Eusko Jaurlaritzak urratsak eman dituela Urduña Herri Eskolak baliatzen dituen irizpideen bidean (tokiko ekoizpena, agroekologia, gertuko hornitzaileak...), baina Gobernuak lizitazioan enpresei jarri dizkien pleguak oraindik oso urrun daudela euren praktiketatik.

Eztabaida garratza

Colominok erantzun baino lehen, dena den, iritzi trukaketak norabide ezatsegina hartu zuen. Hain zuzen, Alazne Aranak leporatu zion Urduña Herri Eskolari EH Bilduren gidoi politikoa jarraitzea eta ikastetxearen izen ona arriskuan jartzea. "EH Bilduk titular bat baino ez dizue emango eta Eusko Jaurlaritzak sukaldea jarriko dizue", esan zuen legebiltzarkideak.

Eunate Arbizu zuzendariak hitza hartu zuen orduan argitzeko hezkuntza komunitateak ez zuela inolako gogorik mozioa aurkezteko edo Eusko Legebiltzarrera joateko, baina Sailak ez dituenez euren galderak erantzuten eta komunikazio eta informazio falta handia dutenez, bide hori hartu behar izan dutela erantzunak lortzeko.

Halaber, zuzendariak nabarmendu zuen Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak iaz iragarri zuenean sukalde berria eraikiko zutela, eskolan inork ez zekiela ezer: "Eskertuko genukeen bilera bat aurretik izatea informazio hori jasotzeko".

Borroka zikloa

Gauzak horrela, aurreikuspenen arabera, 2027-2028 ikasturtean indarrean egongo litzateke kudeaketa eredu berria. Horren aurrean, Guraso Elkarteak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari aldarrikapen eta mobilizazio zikloa abiatuko dutela irailetik aurrera, egungo jantoki ereduaren ezaugarriak bermatzen ez badira. 

Egoera hori ez da ezezaguna urduñarrentzat, protesta ugari antolatu baitzituzten bere garaian, egungo eredua eskuratzeko.

Udal mozioa

Eusko Legebiltzarrera jo baino lehen, Urduñako udalbatzak ostiralean onartu zuen aho batez hezkuntza komunitateak proposatutako testua. EAJk eta EH Bilduk honako bost puntu hauen alde bozkatu zuten:

  • Urduñako eskola-jangelaren eta udal sukaldearen ereduaren aitortza instituzionala.
  • Ereduaren defentsa eta sendotzea, haren oinarrizko printzipioei uko egin gabe.
  • Hezkuntza-komunitatearen parte-hartze erreala, egonkorra eta eraginkorra jantokiaren eta sukaldearen etorkizunari buruzko edozein erabakitan.
  • Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuaren bideragarritasuna bermatuko duen marko juridiko, administratibo eta ekonomiko egonkor bat ezar dezala.
  • Udalaren konpromisoa proiektua babesteko, haren jarraipena egiteko eta etorkizuna bermatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide