Eusko Jaurlaritzak zenbait jarduera iragarri ditu azken asteetan C-3 linean dauden irisgarritasun oztopoak gainditzeko. Hain zuzen, ekainaren amaieran 447 modeloko hamaika tren helduko direla komunikatu zuten. Informazio horren arabera, udazkenean funtzionamenduan egongo dira. Izan ere, egokitu beharko dituzte zerbitzua eskaintzeko.
Unitate horiek badute bagoi bat nasaren altuera izango duena, baita komuna ere.
Horrez gain, hainbat hedabidek argitaratu dute udan tren irisgarriak baliatuko dituztela C-3 linean. Zehazki, unitate horiek Gipuzkoan ematen dute zerbitzua, baina Abiadura Handiko Trenaren obrak direla medio, trenen trafikoa etengo dute.
Ondorioz, bitarteko horiek Bizkaiko Aldirietako zerbitzura bideratuko dituzte. Iazko ekainean probak egin zituzten eta Maria Luisa Goikoetxeak berak parte hartu zuen horietan.
Haserrea
Albisteak betetzen badira eragin positiboa izango duten arren, Maria Luisa Goikoetxea urduñarra haserre dago erakundeekin. Izan ere, pasa den astean salatu zuen Bilbon eta Urduñan egikaritu behar zituzten lanak (geltokiko nasak altxatzeko) izugarri atzeratu direla.
Edonola ere, amorru gehien sortu diona izan da inork ez diola informaziorik eskaini zuzenean eta ez diotela erantzuten bere mezu eta deiei. "Politikariak etorri ziren nire bila azaltzeko zer egingo zuten eta, momentuz, ez da bete esan didatena. Orain ni deika ari naizela, ez didate erantzuten eta hedabideen bitartez jasotzen ditut albisteak", aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari.