Maria Luisa Goikoetxeak amorrua eta etsipena adierazi du Renfeko trenen irisgarritasuna bermatzeko proiektu pilotuari dagokionez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Aldirikoen zerbitzuaren eskumena hartu zuenean, aurreikusi zuen programa pilotua abiatzea Urduñako eta Abandoko tren geltokietan, nasak altxatuta.
Egitasmo hori urteko lehen hiruhilekoan gauzatu behar zuten, baina urduñarrak salatu duenez, uztaila heldu da eta materialak hirira heldu badira ere, lanak ez dira hasi.
Erantzunik ez
Goikoetxeak uste du obrak egiteko baimenekin arazoak daudela eta Eusko Jaurlaritzak ez zituela eskatu. Edonola ere, urduñarrak azpimarratu du bere susmoak baino ez direla, inork ez baitio erantzuten.
Hain zuzen, horiek dira emakumeak salatu nahi dituen bi arazo. Alde batetik, erakundeen gaitasun falta esku-hartzea adosteko eta, bestetik, erantzunak emateko prestutasun falta. "Orain ez didate telefonoa hartzen" aipatu du Maria Luisa Goikoetxeak.
"Bere plataforma" besteena ere izatea
Isiltasuna ez da mugatzen, herritarrak gaineratu duenez, lanen egoerara. Izan ere, aulki gurpilduna erabili behar duen emakumezkoak argitu du Eusko Jaurlaritzari proposatu diola berak erabiltzen duen plataforma trenerara igo eta jaisteko mugikortasun arazoak dituzten ororen esku jarri ahal dutela, baita gehiago eskatu ere. Antza, pandemia garaian Bilbon zeudenak eraman omen zituzten, Goikoetxeak esan duenez.
Proposamena aspaldi mahairatu zuen urduñarrak eta Senatura heldu zen. 2023ko Garraio Ministroak konpromisoa hartu zuen betetzeko, baina ez da gertatu.
Hainbat urtez borrokan
Goikoetxeak 2014an iktusa pairatu zuen eta orduz geroztik gurpil-aulkia behar du mugitzeko. Tratamendua jasotzeko Bilbora joan behar zenez astero, 2015ean hiru urteko borroka abiatu zuen eta lortu zuen Renfek garraio publikoa erabiltzeko baliabideak jartzea.
Besteak beste, manifestazioa antolatu zuen eta 121.000 sinadura eraman zituen Sustapen Ministeriora, El Langui rap abeslariarekin batera.