Alde zaharreko orubeetan etxebizitza publikoak eraikitzea aztertzen ari da Urduñako Udala

Txabi Alvarado Bañares

Lursail horiek Eusko Jaurlaritzari lagatu nahi dizkio tokiko erakundeak, “legealdia amaitu baino lehen”. 

Etxebizitza publikoak eraiki ditzaten nahi du Urduñako Udalak, zehazki, Alde zaharrean dauden bere jabetzako orubeetan. Eskualdeko beste udalerri batzuetan garatutako formula baliatu nahi du tokiko erakundeak horretarako: Eusko Jaurlaritzaren esku utzi nahi ditu lursailak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila arduratu dadin pisuak eraikitzeaz, Vivesa sozietate publikoaren bidez.

Hala jakinarazi zuen Iker Santocildes Perezek Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean. Alkatearen hitzetan, “legealdia amaitu baino lehen” utzi nahi dituzte orubeak Jaurlaritzaren esku.  

Etxebizitza hutsen diagnostikoa

Baina Udalaren etxebizitzaren esparruko politikak ez dira egitasmo horretara mugatuko. Etxe hutsei zergak igoko ote dieten galdetuta, Santocildesek erantzun zuen gauzak “ordenean” egin nahi dituztela: “Etxebizitza hutsen diagnostikoa egin behar dugu, jakiteko zenbat dauden, non eta, batez ere, zergatik”.

Gobernuburuak azaldu duenez, Urduñan hutsik dauden etxeetako asko zaharrak dira, edo oinordekotzetan jasota daude. Horregatik, “laguntzea zigortzea baino eraginkorragoa” izan daitekeela iradoki du. “Diagnostikoa dugunean erabakiko dugu zer egin”, ondorioztatu du. 

Gazte kabia

Gazte Kabia egitasmoari buruz ere mintzatu zen Santocildes Azalera podcastean. Bere hitzetan, hiriak duen "erronka demografikoari" erantzuten dio ekimenak, emantzipazioaren gaiari modu integralean helduz.

"Enplegua era buru osasuna ere landuko ditugu, gazte bat hirian geratzeko, etxebizitza izateaz gain, ere beharko dituelako lana eta bizi kalitatea", azaldu du alkateak.

Gazteentzako teknikari propio bat dago lanean horretarako urritik, eta bulegoa ere irekiko dute, Antiguako pasealekuan. Udaleko buruak azaldu duenez, duela urtebete Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren emaitza da proiektua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide