Irailaren 28an inauguratuko dute Aiarako emakumeentzako gela. Arratsaldeko bostetan izango da zita Arespalditzan, bertan baitago kokatua gunea.
“Indarrak metatzeko tokia” sortzea da egitasmoaren xedea, udalak jakinarazi duenez. “Emakumeentzako espazioa izatea da helburua, batu, hausnartu, kontzientziatu eta matxismoari aurre egiteko”. Gauzak hala, udalerriko emakumezko elkarte zein norbanako orori egongo da irekita. “Zabalduta egongo da berdintasunari lotutako edozein ekintzari, betiere ekintzak genero ikuspegia badu”, azaldu du tokiko erakundeak.
Aiarako Berdintasun Foroan sortu ziren horrelako espazioa eraikitzeko beharra eta proiektua. Hala ere, ekimenaren sustatzaileek asmoa dute Euskal Herriko antzeko beste egitasmoak ezagutzeko: “nola antolatzen diren jakin eta esperientziak partekatzeko, haiekin ere koordinatu eta elkarlana sustatu nahi delako, sare lanean oinarrituta”.
LAIA Eskola
Inaugurazioak bat egingo du LAIA Eskolaren lehen ikastaroarekin, emakumea eta umorea ardatz izango duena. Ikusi LAIA eskolaren gaineko informazio guztia hemen.