Gentza Alamillo izango da EAJren Aiarako Udalerako zerrendaburua, datorren urteko maiatzeko hauteskundeetan. Hala adierazi du Alderdi Jeltzalearen Aiarako Uri Erakundeak. Adierazi dutenez, “ahobatez” erabaki dute Alamillo izatea berriro alkategaia.
Azaldu dutenez, honakoa izango da egun Aiarako alkatea denaren lehentasuna: Aiarako zerbitzu publiko eta azpiegiturak hobetzea. “Horretarako ezinbestekoa da udalerriko 23 Administrazio Batzarrekin modu koordinatuan eta etengabean lankidetzan sakontzen jarraitzea”.
40 urte ditu Alamillok. Gaur egun alkate lanetan dihardu, baina ez da ordezkari politiko gisa izan duen lehen esperientzia, 2007tik 2011ra alkateorde izan baitzen.