Espainiako Trial Txapelketan arituko da Eneko Martinez aurten, babesletzak lortuta

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 31a, 16:00

10 urte izan arren, 16-40 urte bitarteko kideekin aritzen da Eneko Martinez lehian.

Sari andana irabazi zuen gazte aiararrak iaz, bere adinari dagokiona baino kategoria altuago batean arituta gainera. 

Erronkaz betetako urtea izango da 2019a Eneko Martinezentzat, Espainiako Trial Txapelketan arituko da baita. “Sei proba ditu norgehiagoka horrek, urtean zehar egingo direnak”, azaldu dute gazte aiararren gurasoek. Nabarmendu dutenez, babesletzak eskuratu ditu Martinezek. “Hainbat eskaintza iritsi zaizkigu, baina azkenean Motos Gracia eta Pascuet Offroad Centerrekin aritzea erabaki dugu”.

Urte oparoa izan zen 2018a 10 urteko kirolariarentzat. Bere adinari dagokiona baino kategoria altuago batean aritu da, bere asmoa ez delako irabaztea, “ahal bezain beste ikastea baizik”. Hala ere, garaipen ugari erdietsi ditu. “16-40 urte bitarteko kirolariak izan ditu lehiakide, eta Euskadiko, Nafarroako zein Errioxako norgehiagoketan gailendu da”, nabarmendu dute bere gurasoek. Datorren urteari begira, Europako Txapelketan aritzea izango da Martinezen xedea. 

Motokrosaren tankerako kirola da triala, baina jarduera konplexuagoa da, Martinezen gurasoek nabarmendu dutenez, “askoz teknikoagoa delako”.

Talde propioa
Entrenatzeko talde propioa atondu dute Eneko Martinezen gurasoek, Neko Racing Team izenekoa. "Hiru begirale ditu, eta interesa duen ume orori zuzendua dago". Aurreratu dutenez, entrenamendurako zirkuitu bat osatu nahi dute. Interesdunek honako telefono zenbakira deitu dezakete: 691739314.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide