Pandemiaren ondorioz 2 urteko etenaldia egin ondoren, San Isidro eguneko azoka berreskuratu du Aiarak. Ohi gisa, jendetza elkartu da goiz osoan zehar Ferialean. Egitarau oparoa prestatu dute gainera. Batetik, Piriniotako Behi Arrazako VI. Txapelketa egin da. Bestetik, ekitaldi eta gune andana atondu dituzte azoka inguruan. Esaterako, behiez gain zaldiak zein oiloak ikusteko parada egon da eta, ohi gisa, artisau zein ekoizleen postuak pilatu dituzte Arespalditzako erdigunean. Horrez gain, umeentzat jokoak zein puzgarriak eskaini dituzte, baita txokolate talo tailerra ere. Ildo beretik, landa eremuko emakumeen erakusketa izan da ikusgai goiz osoan zehar, San Isidro eguneko nekazarien aitortza gisa.
Politikariek ere ez dute huts egin eta aurpegi ezagun ugari bertaratu dira. Esaterako, Pirineoetako behi arrazako lehiaketan Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia aritu da sariak ematen.
Bestalde, txakolina dastatzeko aukera egon da txosnan, Idiazabal gazta pintxoekin batera. Horrenbestez, eguraldia lagun, giro ederrean igaro dute aiararrek azoka eguna.