Pruden Otegi da Aiarako alkatea, aurreikuspen guztien kontra

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 17a, 13:01

Pruden Otegi aginte makilarekin. / Aiaraldea.eus

EH Bilduko hautagaiari eman dio babesa Aiara Batuzek eta aldaketa egon da Aiarako alkatetzan.

Ezustea gertatu da gaur 9:00etan Aiarako udal osoko bilkuran. Izan ere, maiatzaren 28an Gentza Alamillo jeltzalearen zerrenda izan zen garaile, bost zinegotzi eskuratuta. Edonola ere, Aiara Batuz bigarren indarra izan zen eta hiru ordezkari lortu zituen. Horiek EH Bildukoekin batuta, beste hiru, koalizioko gobernua sortzeko aukera eskaintzen zuten hauteskundeen emaitzek.

Dena den, Aiara Batuz eta EH Bilduren arteko negoziazioak ez dira izan emankorrak eta bazirudien zerrendarik bozkatuena gailenduko zela, hau da, EAJrena.

Udalbatzan bertan ez da egon aurkako adierazlerik, hasi bezain pronto Aiara Batuzek berak iragarri baitu bere alkategaia aurkeztuko zuela.

Hala ere, bozkatzerako orduan, Pruden Otegiri eman dizkiote bozak eta sorpresa adierazpenak entzun dira Aiarako Udaletxeko aretoan.

Harrituena, agian, Pruden Otegi bera izan da, berehala jarri beharko baita lanean erabakitzeko zein gobernu eredu garatuko duen EH Bilduk.

Aiara Batuzek izan du giltza

Aginte makila EH Bilduri eman ostean, Aiara Batuzeko bozeramaileak, Iratxe Parrok, argitu du zergatik hartu duten bide hori. Parrok gogoratu ditu EH Bilduk erabilitako zenbait lelo hauteskunde kanpainan, eta adierazi du espero dutela koalizioak asmo eta irizpide horiek mantentzea.

Halaber, aipatu du maiatzaren 28an aiararrek aldaketa nahia erakutsi zutela eta hori ahalbidetu duela Aiara Batuzek, herritarren nahia jarraiki.

Gentza Alamillo

Hauteskundeek utzitako alkategai bozkatuenak normaltasun osoz hartu du Aiara Batuzen erabakia. EAJ bozkatu zutenei eskerrak eman dizkie eta azpimarratu du bere alderdiak Aiara eramaten duela bihotzean.

Pruden Otegi

Ezustean izan bada ere (maiatzeko hauteskundeetan EH Bildu hirugarren indar politiko bozkatuena izan zen), aginte makila Pruden Otegiri egokitu zaio eta ez du ezkutatu sorpresa izan dela. Hala ere, beste taldeekin elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide