Aiarako 170 lagun inguruk Usansoloko ospitalea erabili behar dute oraindik ere, Gurutzetakoa baliatu ordez, lehen bezala. Hori konpontzeko, Aiarako Udala berriro elkartu da Osakidetzarekin.
Osasun publikoko arduradunek mahai gainean jarri dute 170 herritar horientzako autobus zerbitzua eskaintzea, Usansoloko ospitalera joateko.
Edonola ere, Aiarako Udalaren ustez, hori ez da bideragarria. "Nola jarriko dute abian 170 aiararrentzako zerbitzua, batzuk Añesekoak eta beste batzuk Lantenokoak direnean?", aipatu diote tokiko erakundeko ordezkariek Aiaraldea Komunikabideari.
Horren ordez, Udalak eskatu du aiarar ororen erreferentziazko ospitalea Gurutzetakoa izatea berriro, askoz irisgarriagoa baita.
Dena den, Osakidetzak ohartarazi dio tokiko erakundeari Gurutzetako ospitalera itzultzeak arriskuan jar dezakela Aiaran ezarri zuten hirugarren medikua.
Aipatu beharra dago hirugarren medikua jartzeko erabakiak hautsak harrotu zituela medikuen artean eta Udalak harridura adierazi du Osakidetzak esandakoagatik: "Lehen aldia da entzuten dugula Aiaran hirugarren medikua izatea eta Usansoloko ospitalearen afera lotuta daudela".
Mobilizazioak aurten
Osakidetzan egindako zenbait berregituraketen ondorioz, erreferentziazko ospitalea aldatu zen Añes, Lexartxu, Kostera, Erbi, Lanteno eta Erretes Lanteko administrazio batzarretako bizilagunentzako, Ezkerraldeko OSIan sartu baitzituzten.
Erabakiak amorrua piztu zuen hainbat aiararren artean eta kontzentrazioak egin zituzten orduan, salatzeko kalitatezko osasun arreta ezinezkoa dela irisgarritasuna bermatuta ez dagoenean.