Igandean lehiatu zen Hodei Muñoz Munduko Ziklokros Txapelketan. Tabor hiri txekiarrean izan zen proba eta marka ona lortzera bertaratu zen aiarrara. "Oso denboraldi ona egin ostean, munduko txapelketa ona eginda bukatu nahi nuen", adierazi du kirolari gazteak.
Azkenean, 29. zeharkatu zuen helmuga eta balorazioa positiboa izan da. Marka hori lortzeko, lehen uneetan galdutako denbora berreskuratu behar izan zuen, hainbat txirrindulari gaindituta.
Lehen itzuli oso kaotikoa izan zuen Muñozek eta hainbat txirrindulari aurreratu behar izan zituen 29. heltzeko helmugara
Izan ere, hasieran zorte txarrarekin topo egin zuen luiaondoarrak eta anabasaren ondorioz ia 50. amaitu zuen lehen itzulia. "Uste dut lehen itzulian izan nuen kaosaren eta egin nuen itzuleraren ostean, gusturago egon naitekela". Hori guztia aintzat hartuta, inoizko Munduko Txapelketarik bereziena izan duela adierazi du.
Euskal txirrindularitzak erakutsitako mailari buruz galdetuta, Muñozek honakoa erantzun du: "Nahiko ondo egin genuela uste dut. Hiru euskaldun joan ginen eta denok asetuta bukatu dugu. Horietako batek -Unax Galanek- ere lehen itzuli txarra egin zuen, ni baino atzerago geratu zen eta min handia egin zion. Irati nahiko ondo atera zen eta gainera oso pozik zegoen".
Denboraldi gogorra izan du Muñozek, auto batek harrapatu baitzuen udan, baina, hala ere, kirol emaitza oso onak izan ditu, bai errepidean zein ziklokrosean.