Lider berria dauka Espainiako Cofidis Junior Kopa txirrindularitza txapelketak: Hodei Muñoz. Luiaondoarrak bere buruari ezarritako helburuak bete zituen igandean. Montemayorren lehiatutako etapa irabazita, sailkapeneko lehen postura heldu zen.
Dena den, Kordoban izandako lasterketa ez zen erraza izan. Ihesaldi saiakerak egon ziren, eta batek 40 kilometroz izan zuen arrakasta, harik eta tropelak harrapatu arte. Iker Colmenero laudioarrak ere egin zuen saiakera baina, dozena bat segundoko abantaila lortu ondoren, ezer ezean utzi zituzten bere ahaleginak.
Gauzak horrela, irabazlea Montemayorreko gazteluko aldapetan erabaki zen eta Muñozek ez zuen kale egin bertan, bere indarra baliatu baitzuen lehenengoa sartzeko, Baque taldeko bi kide oso gertu izanda.
Hiru etapa behar izan ditu aiararrak beste guztiak gainditzeko eta beste hiru etapa gehiago izango ditu postuari eusteko, abuztura arte: Gasteizen, Peñafielen eta Benageberen.
Gogoratu beharra dago Muñoz txapelketa irabazteko zorian egon zela iaz eta hirugarren postuan geratu zela. Handik gutxira auto batek harrapatu zuen. Lesioek bere denboraldia guztiz baldintzatu zuten arren, garaipena lortu zuen Euskadiko zein Espainiako Ziklokros txapelketetan.