Aginagako Larrabe gaztandegiak sari berria gehitu zuten atzo bere palmaresera. Izan ere, bertako kideek Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azoka irabazi zuten berriro. Gainera, gazta zati erdia eskuratzeko enkantean inoizko diru kopuru handiena ordaindu dute, 8.000 euro.
Gautezgiz Arteagako Kanala Beach jatetxeak erosi zuen gazta zati aiararra, inoizko diru kopuru handiena emanda trukean. Izan ere, Aginagako gaztandegiak bi aldiz irabazi du saria; 2019an 6.600 eurora heldu zen enkantea eta 2014an, aldiz, 7.500 eurora.
Aintzat hartu beharra dago dirutza hori ez dela ekoizleentzat, elkartasun xedeetara bideratzen delako. Horrela, Larrabe gaztandegiak ez du aparteko etekin ekonomikorik izango, baina urte luzez landutako ospe ona mantentzen eta hobetzen jarraituko du.
Ez da ahaztu behar aiararrek hamaika aitortza eta sari jaso dituztela. Gernikakoak ez ezik, azokak gehiagok babestu dute euren gaztaren kalitatea eta, esaterako, 2021ean Arabako Idiazabal Txapelketa irabazi zuten.
Lourdes Menoyo Mendia eta Jose Ramon Martinez Elejalde daude, gehienbat, gaztandegiaren atzean. Euren sekretua da ekoizpen prozesu osoaren kontrola izaten saiatzen direla. Gorobel azpian dute bazka euren ardiek eta euren esnearekin egiten dituzte gaztak.