Ostiralean 18:30ean Patxita Etxeko ateak irekiko dituzte, herritarrek lokala bisitatu dezaten. Behin obrak eginda nola geratu den ikusi ez ezik, aiararrek eskura izango dituzte orriak euren iritzia emateko eta azaltzeko zertara bideratu nahi duten tokia.
Udal gobernu taldeak azpimarratu du Luiaondon egon arren, espazioa ez dela soilik kontzeju horretako bizilagunentzat, baizik eta aiarar guztientzat.
Esku-hartze hori 2017an hasi ziren lantzen, erabilera anitzeko eremua prestatzeko. Lehenik eta behin, Arabako Foru Aldundiari eskatu zioten dirulaguntza.
2020an proiektu teknikoa lizitatu zuten eta 2022an bi aldiz prestatu behar izan zuten lizitazioa obrak gauzatzeko. Prozesu luzearen ostean, aurten, urrian, amaitu zituzten lanak eta orain zein erabilera izango duen argitu nahi du Udalak herritarren parte hartzearekin.