Arespalditzako Administrazio Batzarrak sanisidroak ospatuko ditu ostiralean eta larunbatean. Berez, ostiralean Aiarako Udalak antolatzen duen feriarekin bat egingo dute eta arratsalde pasa eta erromeria proposatuko dute 19:00etik aurrera. Hain zuzen, Retro-Festa egongo da 1980ko hamarkadako abestiekin.
Larunbatean, ordea, jaiak egun osoa hartuko du. 9:30ean mendi ibilaldia hasiko da eta unean bertan izena emateko aukera eskainiko dute. 11:30ean patata tortilla lehiaketari ekingo diote eta ordu erdi beranduago puzgarriak irekiko dituzte umeentzat eta triki-poteoa abiatuko dute helduentzat.
14:30ean egingo duten babarrun janean parte hartzeko tiketak herriko farmazian erosi behar dituzte interesdunek aurretik. 16:00etan hiru aukera ezberdin proposatuko dituzte. Umeentzat puzgarriak egongo dira 18:00ak arte, Otegik musika emanaldia egingo du dantzatu nahi dutenentzat eta, azkenik, mus txapelketa ere antolatuko dute.
Arratsaldean musika, txokolatea eta barbakoa
Arratsalderako, ordea, adin guztientzako musika eskaintza prestatuko dute Arespalditzan. 18:00etan Disko Dantza egingo dute haurrentzat eta 20:00etan Txapela Bravak joko du. 20:30ean barbakoak eta txokolate janak ahalbidetuko dute indarrak berritzea eta 22:00etan Otegik egingo du azken emanaldia.