Maitane Perez Gomez Anomalía eleberria plazaratzear dago La Estrella del Norte argitaletxearekin. Berez, 23 euroren truke eskuratu daiteke aurresalmentan webgunean eta egileak berak sinatuko die alea horrela erosten dutenentzat.
Aiaraldeko idazleak distopia generoa landu du testu berri horretan. Izan ere, oso gustuko ditu mota horretako kontakizunak eta ideia Adimen Artifizialaren erabileran harira otu zitzaion.
"Oso tresna erabilgarria da eta bizitza errazten du, jakina, baina emoziorik ez du islatzen. Horregatik bururatu zitzaidan mundu bat emoziorik gabekoa. Erlauntza deituriko gizarte bat zeinean sistemak dena ematen dien gizakiei, baita norekin igaroko duten bizitza ere, parametro batzuen arabera eurentzat onena dena neurtuta", azaldu du.
Argitaratzeko prozesu ezberdina
Berez, sortzaileak iazko martxoan ekin zion Anomalía idazteari. Udaberrian hasi zen eta udan berriro hartu zuen testua eta aldaketa mordoa egin zizkion urrira arte. Gero, urtarrilean berriro jorratu zuen eta otsailean elkartu zen agente literario batekin.
Agente horrekin elkarlanean aritzea izan da berritasuna Maitane Perez Gomezentzat. Adituak hilabete osoa hartu zuen liburua aztertzeko eta moldaketak iradoki zizkion. Apirilean hasi zen argitaletxe baten bila eta ekainean jadanik sinatu zuten kontratua aiaraldearrak La Estrella del Norterekin.
Hain zuzen, idazlea pozik dago horrekin: "Oso tratu formala izan dute nirekin, baina eurek deitu zidaten zuzenean nirekin hitz egiteko. Iruditu zait ulertu dutela liburua eta ni egiletzat hartzen nautela. Idatzitakoa ondo analizatu eta gero, azken zuzenketa batzuk adostu zituzten.
Bosgarren liburua
Irakaslea ogibidez, Maitane Perez Gomezek lau liburu argitaratu ditu bi urte eskasetan. Bere lehenengo lana, Haizene eta oroitzapenen magia haur literatura da eta bere helburua izan zen bere alabari laguntzea dolua gainditzen.
Bere bigarren izenburua Aialur Maroñoko sekretua izan zen, non fantasia Aiarako herri horretara eraman zuen. Hurrengo lanak, Amar, arder y repetir eta Cuando el bosque recuerde, aldiz, helduen literaturan zentratuta daude. Lehenengoa harreman toxikoei buruzko hausnarketa da eta bigarrenean thrillerra landu zuen, euskal mitologiaz zipriztinduta.
Ibilbide oparo horrek ateak ireki zizkion Aiarako jaietako pregoilaria izateko aurten.