Maitane Perez Gomez idazle amurrioarrak proiektu berria erditu du: Aialur: Maroñoko Sekretua. Ipuin ilustratua Maroñon girotuta dago eta 7-8 urteko umeentzat sortu du.
Hala azaldu du egileak berak: "Haur-literaturaren bidez balioak lantzeko eta fantasiazko munduak sortzeko nuen nahia jarraitu dut. Istorioa Maroñoko urtegian oinarritzen da, eta hortik abiatuta sortu dut Aialur izeneko mundu magikoa: natura, argia eta irudimena elkartzen diren lekua".
Fantasiazko literatura akuilu
Idazleak aipatu du fantasiazko generoari esker hasi zela irakurtzen eta bide hori egoki iruditzen zaiola liburuekiko interesa sustatzeko: "Iaz, nire alabari (7 urtekoa) irakurtzeko zaletasuna piztu zitzaionean, Unicornia bezalako mundu fantastikoak irakurtzen hasi zen. Eta orduan pentsatu nuen: Zergatik ez sortu hemengo haurrek ezagutzen duten toki batean oinarritutako mundu magikoa? Eta horrela sortu zen gure inguruko haurrak beren ingurunearekin konektatuko dituen abentura bat".
Balioak eta tokikotasuna
Esan daiteke Aialur: Maroñoko sekretua zero kilometroko fantasia dela, tokikotasunean errotuta baitago eta zenbait balio komunikatzen saiatzen delako: "Adiskidetasuna, ausardia, naturarekiko errespetua, elkarlana eta norberaren barruko indarra... istorioan ikus daitezkeen balioak dira, eta umeek euren bizitzara eraman ditzaketenak".
Zero kilometroko fantasia sortu du Maitane Perez Gomezek, Maroñon kokatu du istorioa, umeek ingurunearekin konektatu dezaten kontakizuna.
Horretarako abiapuntua honako hau da: Maroñoko urtegian aurkitutako atari sekretu batek Aialur hiri magikora eramango ditu bost protagonistak. Han bertako magia salbatu eta bakoitzaren barneko indarra aurkitu beharko dute; ausardia, sormena, lankidetza, pazientzia edo laguntza onartzea.
Abenduaren 15ean liburudendetan, azaroaren 29an Faktorian
Berez, ipuina, ofizialki, abenduaren 15ean helduko da liburudendetara, baina egongo da modua aurretik eskuratzeko. Izan ere, Faktorian antolatutako Aiaraldeko Emakume* Sortzaileen V. Azokan mahai prestatu eta salgai izango du Maitane Perez Gomezek.
Aipatu beharra dago amurrioarra modu oparoan ari dela idazten azken urteetan. Iaz doluari buruzko ipuina argitaratu zuen eta aurten harreman toxikoen inguruko eleberria plazaratu du.