“Maroñon lortutako bio-aniztasuna mantendu behar dugu, hori islatzen dut liburuan”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko uzt. 28a, 07:00
Enrique Arberas, artxibo irudi batean.

Maroñori buruzko liburu mardula osatu du ENRIQUE ARBERAS biologo amurrioarrak. Bihar (uztailak 29) aurkeztuko du, 19:00etan Maroñon bertan.

Maroñori buruzko liburua idatzi duzu. Ikuspuntu biologikoa garatu duzu soilik edo bestelako gaiak jorratu dituzu baita?
Ur-hegaztien jarraipena egiten dut, ia 8.000 datu bildu ditut 25 urtetan. Duela 25 urte inauguratu zen urtegia, eta bere sorreraren eraginez Maroñora zer ur-hegazti etorri diren ikertzea zen nire helburua. Hegazti dezente igaro dira: 56 espezie ezberdin, horietako batzuk nahiko arraroak, arrano arrantzalea kasu.

Orduan animatu nintzen liburua idazten hastera. Pentsatu nuen egokia izan zitekeela urtegia nola eraiki zen azaltzea eta zein den gaur egun bioaniztasunaren aldetik dagoen egoera. Herria ere aztertu behar nuela otu zitzaidan. Modu horretan hasi nintzen ikertzen, eta nire bizipen pertsonalak gehitu nizkion gero, ur hegaztiak jarraitzen pilatu dudan esperientziatik abiatuta.



“Guda zibila, nekazaritza, paisaiak, herrian jazotako gertaerak... ikertu ditut. Harrigarria izan da horrenbeste informazio topatzea herri baten inguruan”


Ez da, beraz, ur-hegaztiak soilik aztertzen dituen lan bat.
Hala da, bai. Bi hitzaurre ditu liburuak, Jose Luis Urrutia idazlearen ipuin txiki batekin batera. Lau atal nagusitan dago banatua lana: Maroño herriari buruz hitz egiten dut lehen zatian, urtegiari buruz bigarrenean, ur-hegaztiei buruz hirugarrenean eta nire esperientzien inguruan laugarrenean. Lehen bi atalak egiteko ikerketa sakona egin dut, datu zehatzak bilatuaz. Guda zibila, nekazaritza, paisaiak, herrian jazotako gertaerak... ikertu ditut. Harrigarria izan da horrenbeste informazio topatzea herri baten inguruan. Imajinatu zenbateko lana izango litzatekeen hori herriz herri egitea.

Beste herri eta urtegi batzuekin alderatuta, zer berezitasun ditu Maroñok?
Urtegia nortasun ikur bihurtu da ez soilik Maroñoko biztanleentzat, baizik eta Aiaraldea osoarentzat. Erabat aldatu zuen paisaia. Oso zaila izan da, iaz ezinezkoa, urtegiaren eraikuntzaren argazkiak topatzea. Argazkiaren fenomenoa asko aldatu denaren seinalea da hori. Gaur egun egingo balitz prozesu osoaren irudiak izango genituzke.


“Ia 400 lore espezie identifikatu ditugu, haragijale txiki eta tximeleta ugari ere topatu ditugu. Harrigarria da dagoen aberastasuna”



Bio-aniztasunean ikertzen jarri dugu ahalegin handia. Ia 400 lore espezie identifikatu ditugu, haragijale txiki eta tximeleta ugari ere topatu ditugu. Harrigarria da dagoen aberastasuna. Baina gizakiaren eragina ere izan dugu kontuan, Maroñoko baserritarrak baitira giroa zaindu eta moldatu dutenak.

Hurrengo 25 urteetan bilakaera handia emango da urtegiko bioaniztasunean?
Gertatu dena da beste habitat bat sortu dela bat-batean: ur-ekosistema bat. Hainbat animalia eta landare espezie ugaldu dira urtegiarekin. Asko aldatu da landaretza, urtegiaren ertzeetan batez ere. Baso txikiak eta zuhaitzak ugaritu dira. Ur-lore eta landareak ere agertu dira... handiagoa da bio-aniztasuna. Espezie arraro ugari ditugu inguruan.

Helburua orain, nire ustez, hori guzti hori mantentzea behar du izan. Liburua aukera paregabea izan daiteke behar hori islatzeko. Oso zaila da ezagutzen ez dugun zerbait mantentzea.  Artaldeak, adibidez, bi baino ez dira geratzen, orain dela hamar urte bost zeuden bitartean. Naturak aldatzen eta eboluzionatzen jarraituko du. Ez dakigu zer gertatuko den hurrengo urteetan.


“Beste egitasmo polit bat dugu eskuartean: Gorobeleko artzaintzari buruzko dokumental bat grabatzen ari gara”



Larunbatean aurkeztuko duzu liburua, baina dagoeneko hasi zara proiektu berriak garatzen, ez?
Nire asmoa informazioa guztia plazaratu eta Maroño aurkeztea da. Duela gutxi Juanjo Hidalgok esan zidan Maroño suerte handiko herria zela, orain baduelako bere liburu propioa. Hori izan da gauzarik politena, hori zen nire asmoa. Formatu handikoa da, argazki asko ditu. Ahalegin handia egin dugu, diru-inbertsio handia tartean. Banaketa nola egin pentsatu behar dugu orain.

Nahiko nekatua nago, prozesu gogorra izan baita liburuarena, maketazioari begira batez ere. Baina beste proiektu batean sartzera animatu naute. Beste egitasmo polit bat dugu eskuartean: Gorobeleko artzaintzari buruzko dokumental bat grabatzen ari gara. Hasiak gara planoak eta elkarrizketak grabatzen. Ilusioz beterik nago, egia esan. Hala ere, apur bat gelditzeko asmoa daukat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide