Espainiako Sustapen Ministroa den Iñigo de la Sernarekin bildu ziren atzo Aretako geltokian iaz hildako gaztearen gurasoak. Madrilera joan ziren horretarako.
“Ez ginen pozik atera bileratik, baina uste baino hobeto egon zen”. Hala adierazi du zendutako gaztearen aita den Gonzalo Faustmannek. “Adi entzun zuten esan genuena eta oharrak hartu zituzten. Bazirudien serioski hartu zutela gaia”.
Ministroaz gain, gobernuko beste goi-kargudun batzuk egon ziren batzarrean, Azpiegituren Idazkari Orokorra eta Renferen Operazioen Zuzendari Orokorra tartean.
Bi konpromiso
Fautsmannek azaldu du ministroak bi konpromiso hartu zituela. Lehena: Bidaiarien asegurua indarrean egotea bidai-txartela aktibatzen denetik baliogabetzen den arte. “2017ko urtarrilaren 1ean jarri zuten abian neurri hori. Baina, adierazi zigutenez, gure alabaren kasuan ez luke balioko”.
Trenbideen gaineko pasabideen ingurukoa da agintariek hartutako bigarren konpromisoa. “Pasabide horiek guztiak aztertuko dituzte”, jakinarazi du Fautsmannek, “hala ere, 2-3 urte beharko dituzte ikerketa hori egiteko. Horregatik eskatu diogu ministroari behin-behineko segurtasun neurriak aplikatzea pasabideak aztertzen joan ahala”.
Hildako bidaiarien senideei ematen zaien arretaz ere mintzatu ziren bileran. “Adierazi ziguten tren barruan gertatzen diren ezbeharretan soilik ematen dela zerbitzu hori, baina gaia ikertuko dutela gaineratu zuten”. Fautsmannen aburuz, ondo dago horrelako azterketak egitea, betiere gero aplikazio praktiko bat baldin badute.
Trenak igarotzen direnean entzuten den abisuaz ere eztabaidatu zuten. Renfeko ordezkariek adierazi zuten ohartarazpen hori trena igaro baino minutu erdi edo minutu bat lehenago entzuten dela. “Guk adierazi genien arautegia aldatu egin beharko dela orduan, iritsi berri den tren baten barruan dauden bidaiariek ezin dutelako abisu hori entzun”.
300.000 sinadura baino gehiago
Hildako gaztearen gurasoak ez ziren bakarrik joan Madrilera, azken bi hilabeteetan jaso dituzten 318.341 sinadurak eraman zituzten eurekin eta ministerioko erregistroan utzi zituzten. Hori eginda, gobernuak hartutako konpromisoen zain geratu dira.