“Inoizko mobilizazio handiena” izateko aspirazioa duen ekimena prestatzen ari da Gure Esku Dago datorren ekainaren 10erako. Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea egin nahi dute egun horretan, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuaz: 201 kilometro, guztira. 100.000 lagun beharko dituzte gutxienez ibilbide hori osatzeko.
Aiaraldearrak ez dira urrun joan beharko ekimenean parte hartzeko, eskualdetik igaroko baita giza-katea.
Atzo aurkeztu zuen Gure Esku Dagok egitasmoa. Eragile horretako kideek nabarmendu dute aurtengoa “urte erabakigarria” izango dela: "ezin gara geldirik geratu. Gure garaia da. Herritarrona. Erabakitasun osoz goaz aurrera, herri libre bat izateko, burujabe izan behar dugulako".
Herri kontsulta
Gauzak hala, erabakitzeko eskubidearen urtea izango da 2018a aiaraldearrentzat, Giza kateari maiatzaren 6an egingo den herri kontsulta gehitu behar baitzaio. Eskualdeko bost udalerritan egingo da galdeketa hori: Artziniega, Laudio, Amurrio, Aiara eta Okondon. Aiaraldeko Gure Esku Dagoko kideak data horri begira ari dira lanean; aurki zehaztuko dute zein izango den bozkaketan planteatuko den galdera.