Makila eskutan, Aiaraldeko txoko guztietatik eskean aterako dira dozenaka lagun asteburuan Agate Deuna egunaren bezpera ospatzeko.
Bi eguneko egitaraua Artziniegan, elkarlanean
Artziniega Museoak eta Otsati Elkarteak indarrak batu dituzte aurtengo Agate Deunaren bezperari begira. Gaur -ostirala- makil tailerra egingo dute 18.00etan museoan eta 19:00etan Entsegua Goiko Plazan. Igandean, aldiz, 10:30ean jarri dute zita frontoian, auzo eta herrietatik kantatzera joateko. 14:30ean jatekoa eskainiko dute Goienkalen, eta 18:30ean frontoian batuko dira berriz, herrigunetik abestera irteteko. Goiko Plazan amaituko dute ibilbidea, ordubete beranduago, txokolatadarekin.
Okondon kalejiran aterako dira igandean
Okondon Abesbatza Elkarteko kideak igandean beteko dituzte kantuz herriko kaleak arratsaldeko lau t'erdietatik hasita. Gorostiola tabernatik frontoirainoko ibilbidea osatuko dute.
Urduñako "oilarrek" girotuko dute hiria
"Oilarrak" abesbatzako kideak larunbat arratsaldean Urduñako auzoetatik arituko dira kantuan. Igande eguerdian, berriz, hiriguneko kale nagusiak girotuko dituzte.
Laudion Agate Deunaren bezperak San Blas azokarekin bat egingo du guztiz. Arloteak azokan arituko dira abesten larunbat eguerdian. Igande goizean herriko auzo nagusiak bisitatuko dituzte, Ugartetik abiatuta. Arratsaldean erdiguneko kaleetan barrena abestuko dute.
Orozkon ere kantuan aterako dira eta Agate Deuna Abesbatzak agenda estua izango du otsailaren 4ean. Goizean goiz, 9:30ean, lehenengo ibilbideari ekingo diote Torrezar, Okeluri eta Andra Mari auzoak bisitatuz, besteak beste. Bazkalostean, 16:00ak aldera, arratsaldeko ibilbideari ekingo diote Urigoitin, Usabel, Ugalde, Ibarra eta Zaloa auzoetatik igarota. Azkenik, egunari amaiera emateko, 20:30ean erdiguneko kale nagusietan barrena arituko dira kantari.
Kintoak protagonista
Ohitura zaharrei helduz, 2000. urtean jaiotakoek hartuko dute protagonismoa Agate Deunaren bezperan. Amurrion eta Urduñan dozenaka gazte ibiliko dira kantuan eta eskean. Bildutakoarekin jai-egunak antolatuko dituzte.
Urduñako gazteek larunbatean inguruko herriak bisitatuko dituzte goizeko lehenengo ordutik eta, Gaztetxean bazkaldu ostean, erdiguneko kaleak alaituko dituzte.
Amurrion kontrara, igandean beteko dituzte kantuz inguruko herri eta baserriak eta hurrengo larunbatean, otsailak 16, antolatuko dute kintoen jaia.