Gazte baten aurpegia, jende ugari bera babesten eta inguratzen Amurrioko San Anton plazan, adierazpen askatasuna eta herri mugimenduan parte hartzea aldarrikatzen dituzten adierazpenak... duela gutxi ikusi ditugu irudi horiek eta ezagunak egiten zaizkigu, errepikakorrak, agian. Baina ez dira telesaio edo film batean agertzen, errealitate gertuan baizik.
Azaroaren 4an Alfredo Remirez amurrioarra espetxeratu zuten presoen aurpegiak zituzten panpinak erakusteagatik eta twiterren aritzeagatik. Igandean, berriz, Julen Ibarrola Amurrioko gaztea sartuko dute kartzelan terrorismoa goratzea leporatuta, errotuladorez pintaketa egiteagatik.
Izan ere, azken urteotan adierazpen askatasunaren mugak gero eta gehiago murriztu dira, estatuaren eta zenbait lobbyren obsesioa areagotu den neurri berean. Umorearen eta adierazpen askatasunaren eztabaida bizirik dagoen bitartean, ematen du geroz eta arruntagoa bilakatu dela jendea espetxera joatea euren iritzi politikoen ondorioz.
Borroka baten gudu zelai
2014tik hona ugaritu egin da iritziak adierazteagatik edota pintaketak eta pankartak direla medio legearekin arazoak izan dituzten aiaraldearren kopurua. Badirudi eskualdea borroka baten gudu zelai bilakatu dela, eta bidean biktima nahikotxo geratu dira. Esan bezala, Alfredo Remirez Basauriko espetxean dago urtebeteko zigorra betetzen, eta ironiak piztu dezake beste amurrioar batekin topo egiteak ziega barruan laster, Julen Ibarrolarekin, alegia.
Hala ere, eurak ez ezik, Aitor Martinez eta @xboeguileor txiolariak ere atxilotu zituen Guardia Zibilak Laudion eta Amurrion “Armiarma” operazioaren barruan, sare sozialetan terrorismoa goraipatzeagatik; 2014an eta 2016an, hurrenez hurren.
Martinezen akusazioek aurrera egin ez bazuten ere, berriro izan zuen fiskaltzaren eta Entzutegi Nazionalaren berri 2017an. Bera eta Beñat Ereño epaituak eta absolbituak izan ziren pintaketak egiteagatik.
Amurrioko Galder Barbado ere gauza beragatik epaitu zuten 2016an. Horrez gain, urte berean, ustez pankarta bat marrazteagatik atxilotu zuen Guardia Zibilak.
Horiei gehitu behar zaie Juanjo Basterra kazetariaren kasua. Dignidad y Justicia elkarteak salatu zuen preso politiko bati buruzko txio bat idazteagatik. Azkenean, akusazioa ezer ezean geratu zen.
Gauzak horrela, badirudi poliziaren, fiskaltzaren, epaitegien eta lobbyen jomugan dagoela bailara. Halaber, egoera orokorrari erreparatu behar zaio ohartzeko ez dela Aiaraldeko arazoa soilik.
Egoera orokortua
PPk gehiengo osoa eskuratu zuenetik -2012tik- ahalegin berezia egin du zenbait adierazpen mota jazartzeko. Mezu matxistak, arrazistak eta faxistak sare sozialetan askatasun osoz zabaltzen diren bitartean, bestelako iritziei jarraipen zorrotza egiten die estatuak, terrorismoaren aurkako legeak baliatuta.
Horrela, zigor ugari ezarri dituzte azken urteotan Carrero Blanco militar frankistari buruzko txantxak egiteagatik, edota abestietan zenbait nahi eta iritzi plazaratzeagatik. Zerrenda luze horretan Cassandra txiolaria, Cesar Strawberry abeslaria eta hainbat rap abeslari daude: Valtonyc, Pablo Hassel edota La Insurgencia taldeko 12 kideak, esaterako.
Erlijioaren kasuan gauza bera gertatzen ari da: atzo jakin genuen Espainiako epaile batek gazte bat zigortu duela Jaenen Kristori buruzko txantxa egiteagatik (bere aurpegia jarri zuen erreferente katolikoaren ordez); eta hurbilago, Bilbon, Hontzak konpartsaren dekorazioa kendu zuen Ertzaintzak Bilboko Jaietan akusazio bera baliatuta; sinismen erlijiosoak iraintzea, alegia.
Hori gutxi balitz, aintzat hartu beharra dago indarrean jarraitzen duela euskal gazteria independentistaren aurkako salbuespeneko legediak, ETAk jardun armatua duela ia zazpi urte utzi zuen arren.
Tresna horiek erabilita, Altsasuko gazte talde batek 50 urteko kartzela zigor eskaerari egin beharko dio aurre aurten taberna borroka dela kausa. Dagoeneko horietako hiruk urtebete baino gehiago bete dute espetxean. Beste leku batzuetan -Espainiar Estatuko hainbat herritan- gertakari bera isunaren bitartez konpontzen den bitartean, Euskal Herrian gorroto delituarekin lotu dute gaueko ordu txikitan jazotako iskanbila eta, dudarik gabe, epaiketaren berri izango dugu hilabete gutxiren buruan.