%38 igo dira Aiaraldea.eus-eko bisitak azken hiru urteetan

Erredakzioa 2018ko ots. 13a, 08:51
Atariko bisiten emaitzak aurkeztu dituzte / Aiaraldea.eus

2017ko estatistikak aztertuta, bilakaera positiboki baloratu du hedabideak. Urtez urte, ez baita igoera eten: 2016an baino %12 bisita gehiago jaso ziren iaz.

Aiaraldea hedabideko eskaintza eta kalitatea hobetze aldera, edukiaren interesgarritasuna aztertzeko prozesua abiatu du komunikabideak. Hala adierazi du Izar Mendiguren Cosgaya hedabideko zuzendariak. Azken hiru urteetako datuak oso positiboak badira ere, badela zer hobetua nabarmendu du koordinatzaileak.

2017ko datuak
2016an 507.763 bisita jaso zituen webguneak, 2017an 570.332, %12 gehiago. Erabiltzaileei dagokionez, 163.240 gailu kode (IP) erregistratu dira. Bisiten iraupena, berriz, ia bi minutukoa izan da, bataz beste. Jatorriari erreparatuta, %32 sare sozialetatik iritsi dira atarira: "Facebooketik ailegatu da bisita guztien %35.75. Beraz, aurrera begira ere, sare sozialak oso aintzat hartu beharko ditu hedabideak".

Twiterrez gain, Instagram kanala ere baliatzen du hedabideak: "Abenduan atondu genuen kontua, gazteen artean oso errotua baitago aplikazio hori". Bisiten iraupena dela-eta, segundoen beherakada nabarmendu du: "Informazioa kontsumitzeko ohiturak aldatu dira. Gaur egun, denbora gutxiago eskaintzen zaio irakurketari, eta komunikabideak bisitatzeko gailuak ere aldatu egin dira: sakelakoek izugarrizko garrantzia hartu dute gure bizitzetan, eta ondorioz, kontsumo ohituretan".

Eduki ikusienak
Azala, argazki galerien menua eta agenda orria izan dira hiru eduki kontsultatuenak 2017an. Artikulurik ikusiena “Urduñako Guardia Zibilaren polizia operazioa” izan zen, Amurrioko Laboral kutxako lapurreta eta Alfredo Remirezen espetxeratzearekin batera.

Euskararen eguneko kanal bereziak ere jarraitzaile asko pilatu zituen abenduan. Udako postal lehiaketak ere irakurle ugari izan ditu. Laudioko 7 gaztek saihestutako istripuak ere erabiltzaileen arreta piztu zuen, Ahobizien bideotutorialak bezala:

La Milagrosako flashmobak ere sekulako arrakasta izan zuen, baita La Meca tabernaren agur gutunak ere. Euskararen eguneko argazki bildumarekin batera, horiek dira 2017an gehien ikusi diren 10 edukiak. Herriei dagokienean Laudio, Amurrio eta Orozko izan dira gehien klikatu diren eremuak.

Eskaintzan jauzia
Hedabidearen erronken artean kokatu du Mendigurenek ekoizpenari arreta gehiago eskaintzea. Horretarako, batetik, hartzaile ezberdinei bideratutako edukiak landuko dituzte: “Adinaren arabera, esaterako, herritarren interesguneak ez dira berak izaten. Xede taldeen -hartzaileen- araberako edukiak eskaintzea nahi dugu, irakurleen artean eskualdeko dinamikak eta euskara sustatzeko”.

Zentzu horretan, egungo ekoizpenaren inguruko gogoetan murgilduta daudela erantsi du Mendigurenek, “komunikabidearen barne eraldaketan”. Gauzak hala, kazetaritza egiteko modu berriak esperimentatzeari ekin diote, tresna ezberdinak baliatuta: bideo berezien ekoizpena, zuzeneko kontaketak, iritzi eta analisien areagotzea...

“Informaziotik haragoko eskaintza helburu, komunikaziotik kazetaritzarako jauzia eman nahi dugu. Herritarren interesei erantzuteko komunikabide komunitarioa izatea nahi dugu, denon eskutik denon eskura jartzea informazioa”. Ildo beretik, herritarrak bilakatu nahi dituzte tokiko informazioaren protagonista, erakunde eta eragileen lana alboratu gabe. Era berean, aisialdiari ere egingo zaio 2018an tartea: “Zozketak, kale inkestak, lehiaketak... Aiaraldea Gaur webgunearen tresnak aprobetxatuz hainbat dinamika aurkeztuko ditugu. Euskarak eta hedabideak informazioa baino gehiago du jendarteari eskaintzeko”.

Sare sozialen garrantzia
Urteko datuak aztertzean, ezinbestekoa zaio Mendigureni sare sozialei heltzea: “Nabarmen igo da azken hiru urteetan Facebooketik nagusiki -eta Twitterretik bigarren maila batean- etorritako trafikoa”. Zehazki, %17 hazi dira Facebooketik webgunera datozen bisitak. 2018ko teknologia digitalaren ikerketaren arabera, herritarren %42 dago sare sozialetan aktibo. Hortaz, gertaeren berri izateko -eta emateko- erreferentzia gune bihurtu dira, “baita hartu-emanetarako ere”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide