“Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?”. Hori izango da datorren maiatzaren 6an egingo den herri-kontsultako galdera. Hala adostu dute Aiaraldea Bat elkarteko kideek. Prozesu mamitsua burutu dute horretarako, adierazi dutenez: "Herri bakoitzak bere galdera propioa hautatu zuen; eta gero “aho batez” onartu zen galderaren esaera batua".
Gauzak hala, erronka handia dute esku-artean Aiaralde Bat-ekoek: maiatzaren 6ko zitan ahalik eta herritar gehienek erantzutea galdera horri Aiaran, Arakaldon, Artziniegan, Amurrion, Laudion eta Okondon.
Giza-katea ekainean
Herri-kontsultarekin, ordea, ez da amaituko erabakitzeko eskubidearen aldeko jarduna. Ekainaren 10ean giza-katea egingo da Gasteiz, Bilbo eta Donosti lotzeko, eta Aiaraldea ere zeharkatuko du ekimenak.