Emakumeak geratzea eta elkartzea, mundua mugitzeko. Hori da martxoaren 8an eskualdeko zein munduko emakumeek lortu nahi dutena. Euskal Herriko mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak bat egin dute mundu mailako grebarekin. Irudikatu nahi dutena argia da: planto eginez gero, mundua gera litekeela. Finean, emakumeak ahalduntzea nahi dute: “Planto egiten badugu sistema honek ez duela aurrera egiterik benetan irudikatzea”.
Horretarako hainbat esparru hautatu dituzte: hezkuntza, zaintza, lan-mundua eta kontsumoa. Izan ere, “ezkutuan” geratzen dira hainbat lan , aitortu eta ordaindu gabe, zaintzako hainbat zeregin kasu. Are, kotizatzen diren kasuetan oso baldintza txar eta soldata baxuarekin gauzatzen dira, sindikatuen iritziz.
Aldarriei atxikitzeko keinu gisa, etxeetako balkoietan amantalak zintzilikatzeko proposamena luzatu dute Aiaraldean ere. “Greba feminista honek duen gauza ona da irudimena lantzeko balio duela: batzuk ileordeekin lan egingo dute, beste batzuek zapi moreak lotuko dituzte besora...”, azaldu du Izaskun Garcia Bordagaray sindikalistak. Datuetatik harago, ez-ohiko parametroetan kokatu du greba: “Ez da greba arrunta, feminista baizik. Emakumeek soilik egin dezakete, sistema kapitalista heteropatriarkal honi planto egiteko. Gu izango gara subjektuak, eta beraz, protagonistak. Kalera aterako gara gure lana ikusarazteko”.
Hezkuntzan, zaintzan, kontsumoa eta lan-munduan greba feminista egingo dute martxoaren 8an
Eta gizonek, zer? Nola egin lezakete bat aldarriekin? Eguneroko lanei helduz (ume edo edadetuen zaintza lanak, garbiketa edota sukaldeko zereginak...) edota informazioa zabaltzen lagunduz, besteak beste. “Batzuk grebarekin bat egin nahi dute, elkartasunagatik. Ikuspegi feminista duten mutilak grebaren prozesuan izan behar dira bidelagun: informazioa helarazten, lantokietan arrazoiak azalduz, kartelak edota bitartekoak zabaltzen...”, zehaztu du Garciak. Mobilizazioei dagokienez, arratsaldeko kalejiran soilik hartu ahalko dute parte; 20:00etan Laudioko herriko plazatik abiatuta, “eta bigarren lerroan beti ere, protagonismoa emakumeei aitortuz. Bizitza pribatuan ukatuko ditugun lanak egin beharko dituzte egunean zehar, zaintzakoak, batez ere”. Ildo beretik, lan eremuko irizpideak azpimarratu ditu: “Kontua ez da ordezkatzea, baizik eta lan egingo ez bagenu sortuko litzatekeen kaosa irudikatzea”. Zentzu horretan, egunerokoan dituzten pribilejioak alboratu beharko dituzte gizonek, egun batez behintzat.
Hezkuntza, “hankaz gora”
Hezkuntza izango da planto eremuetako bat. Izan ere, ikasleek zein langileek lanuzteak deitu dituzte. Laudio Ikastolak, esaterako, oharra plazaratu du grebarekin bat egiten duela esanez, eta horrek hala eskola orduetan nola jantoki zerbitzuan eragin nabarmena izango duela erantsita.
Hezkuntza izango da planto eremuetako bat. Izan ere, ikasleek zein langileek lanuzteak deitu dituzte
Gemma Corbella Egiluz irakaslea da Okondoko eskolan. Sektoreko egoeraz galdetuta, ez du zalantzarik: “Hazkuntza eta zaintza lanak emakumeoi egokitu zaizkigula agerian dago, gure gizarteari erreparatzen badiogu, ez dago inondik inora ere orekatuta”. Guraso den heinean, berriz, kritikatu du genero-rolak oso barneratuta ditugula bizimoduan: “Ume edo nagusien zaintzaren zama oraindik gure gain geratzen da”.
Ildo horretatik, sexu-estereotiporik gabeko hezkuntza baten beharra azpimarratu du, gizarte eredua aldatzetik hasita: “Ikasle txikiekin gizonezko gehiago arituko balira, lagungarria izango litzateke haurren pertzepzioa aldatzeko”. Garazi Beldarrain Santos ikasleak neska izanagatik jasaten dituzten zapalkuntzak aipatu ditu: “Badakigu filosofian, matematikan, historian neska askok lortu dituztela zenbait gauza, eta ez dira lantzen. Ikastetxeak kalearen isla dira: klasean, etxean, kalean... zapalduta gaude”.
Bide horretan, ikastetxeek erronka txikiak zehazteko beharra gaineratu du Iratxe Letona Pastor gazteak, eta “hezkuntza ikuspegi feministatik eraikitzeko” mobilizatzeko deia luzatu du.
Eguneroko lanei helduz hartu ahal izango dute parte gizonezkoek greban
Kontsumoa ezbaian
Eta, egungo kontsumo ereduak ba al du eraginik? Sindikalistek argi dute baietz: “Merkatalgune eta komertzioak feminizatuak egoteaz gain, esplotazio eta prekarizaziorako eremu bihurtu dira”. Inditex, Zara edota arropa enpresak jarri ditu Garciak adibide modura: “Horrelako kateek zer nolako ereduak bultzatzen dituzte? Sexu edo gorputz prototipo jakinak”. Aida Iza Fuentes okinaren hitzetan, elikadura eta erosketen arduran ere desoreka dago: “Dendara etortzen direnen %90 emakumeak dira”. Izaren ustez, jendarteak arazoa ikusi arren ez du bere egiten: “Azaroaren 25ean erremolatxazko ogi moreak egin nituen feminismoaren sinboloarekin, lortutako dirua Mujeres al cuadrado elkarteari emateko: bitxia da, baina gizon bakarrak erosi zuen ogia”. Egoerari buelta emateko zerrenda luzea da, Izaren iritziz: “Gure haurrei erakusten diegunari erreparatu behar diogu: mintzatzean generoaren erabilerarekin inor ez baztertzea, erosketak egitean aitarekin joatea amarekin ordez rolak ez markatzeko... Etxetik hasi behar da lana”.
Lantokiak alboratuta, berdintasunera gerturatzeko deia
Aurtengo martxoaren 8ari iraultza usaina dario. Batetik, emakume ugari aterako direlako kalera ogibideari planto eginez, enpleguen eta zaintza lanen bidezko banaketa eskatzeko. Eta, bestetik, hamaika gizonek alboratu beharko dituztelako euren pribilejioak zintzilik geratuko diren etxeko lanei heltzeko. Izan ere, greba eguna deitu dute Euskal Herriko Mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak. Mundu mailakoa da ekimena, iaz Argentinan gauzatutako plantoari jarraiki, 70 herrialde baino gehiagotan gauzatuko baita. Aiaraldean ere izan du eragina dinamikak.
Hain zuzen, urtarrilaz geroztik, makina bat emakume elkartu dira greba feminista prestatzeko. Neska gazteen taldeak izan ziren batzen lehenak, 30 bat lagun. Otsailean, aldiz, bilera irekiak antolatu dituzte herrika, baita auzolan egunak ere: “Eskualdeko lehen deialdiak izan zuen harrera itzela ikusita, herrietan asanbladak egitea erabaki genuen”, azaldu du Maddalen Muguruzak. Horrela osatu dituzte Urduña, Laudio eta Amurrioko egitarauak.
“Bi baterajotze zehaztu ditugu Aiaraldean: goizean 12:00etatik 13:00etara egongo dira mobilizazioak herrietan, eta 20:00etan eskualdeko manifestazioa egingo dugu Laudion”.
Goizean mobilizazioak egongo dira herrietan. Arratsaldean, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egongo da Laudion
Irudimena nagusi
Dena dela, ez dira ohiko ekimenak izango: irudimena izango da nagusi. Goizean lapiko “burrunbadez” beteko dituzte eskualdeko kale nagusiak: “Aulkiak eta arropa esekilekuak jarriko ditugu greba egiteko arrazoiekin eta amantalekin”. Tokian toki, ekintza ezberdinak egongo dira. Flashmoba, bazkari herrikoia, musika eta “mikro irekia” prestatuko dituzte, esaterako, Amurrion. Laudion, berriz, Batzalarrin kalea bihurtuko dute emakumeen aldarrien ispilu. “Badakigu zenbait tokietan emakumeek ezingo dutela greba egin; horregatik ‘zerbitzu minimoetan nago’ dioten euskarriak zabaldu dira”, erantsi dute Greba Feministaren plataformatik. Ildo beretik, ekimena babesten duten lantokietan elkartasuna adierazteko euskarriak jarri dituzte eskura interneten.
Horrez gain, gune moreak atonduko dituzte herriguneetan, emakumeen lan munduko egoera ezagutarazi edota herriko kaleak apaintzeko. Gauzak hala, lantokiak alboratuta berdintasunera gerturatzeko deia luzatu dute.