Aiaraldeko ikastetxe gehienetan izaten ari da eragina greba feminista

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 8a, 09:49

Manifestazioa egingo dute Laudioko Lamuza Ikastetxeko ikasle eta langileek, Herriko plazaraino. / Lamuza Ikastetxea

Ikastetxe gehienetan egingo dituzte lanuzteak, eta zentro batzuk gutxiengo zerbitzuekin soilik egongo dira.

Gaurko deitua dagoen greba feministak eragin handia izango du eskualdeko hezkuntza zentroen egunerokotasunean. Ia ikastetxe guztietan egingo dituzte lanuzteak, eta ikasleei zuzendutako ekintza bereziak prestatu dituzte baita ere.

Hemen ikusi daiteke ikastetxe bakoitzak zer egingo duen -zentro batzuetako informazioa falta da, jaso ahala eguneratuko da albistea-:

Matxintxu haurreskola
6 hezitzaile daude zentroan, 5 emakume eta gizon bat. 11:00etatik 15:00etara lanuztea egingo dute emakumeek eta gizona geratuko da zerbitzu minimoak egiten.

Lamuza Ikastetxea
Jantokiko zaintzaile batek baino ez du greba egingo. Hala ere, ekintza bereziak egingo dituzte ikastetxean 11:00etatik 15:00etara. Haurrek marrazkiak egingo dituzte eta leihoetan jarriko dituzte, irakasleek amantalak patioko hesitik eskegitzen dituzten bitartean. Manifestazio moduko bat egingo dute gero, guztiek batera. Lamuza parkera jaitsi eta bertatik Herriko plazara joango dira, gero berriz ikastetxera itzultzeko.

Orozkoko Eskola
Irakasle batzuek greba egingo dute, baina jantoki zerbitzua eta ohiko ordutegia mantenduko dituzte. 11:00etatik aurrera ekintza bereziak egingo dira, grebaren testuinguruan.

Okondoko Haurreskola
Ez du eraginik izango.

Latiorro Ikastetxea
Hiru langilek egingo dute greba, eta baita jantokiko begiraleen erdiak ere. Hala ere, ohiko ordutegia mantenduko dute. Ekintza bereziak egingo dituzte umeekin, grebaren testuinguruan.

Laudio BHI Institutua
73 irakasle daude institutuan, eta 20 emakume inguruk adierazi dute greba egingo dutela. Hala ere, kopurua handitu daiteke azken unean. Plantoak eragin handia izango duela aurreikusten dute, baina ohiko ordutegiak mantendu dituzte.

Laudio Ikastola
Langileen asanbladak bat egin du grebarekin. Hori dela eta, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan umeak klasera ez eramatea gomendatu du zuzendaritzak, ezin delako zerbitzua bermatu. DBH eta Batxilergoan klaseak egongo dira, baina 11:00etatik 15:00etara dinamika bereziak egingo dira. DBH 3. mailatik aurrerako emakumezko ikasleek aukera izango dute greba egiteko, eta DBH 1 eta 2. mailako ikasleek posible izango dute herrian antolatzen diren ekimenetara joatea, baldin eta heldu bat euren bila bertaratzen bada.

Aresketa Ikastola
Lanuztea egingo dute 11:00etatik 15:00etara. 11:00etatik 12:30etara zerbitzu minimoak egongo dira, 12:30etatik 14:30etara eskola guztiz itxita egongo da eta 14:30etatik 15:00etara gutxiengo zerbitzuak egongo dira berriz.

Virgen Niña ikastetxea
Printzipioz ohiko ordutegia eta funtzionamendua mantenduko dituzte.

Zaraobe Institutua
Mobilizatzeko hiru modu zehaztu dituzte: egun osoko greba, 4 orduko lanuztea eta bi orduko paroa. Emakume langile bakoitzak nahi duena hautatuko du. Ohiko ordutegi eta zerbitzuak mantenduko dira, baina falta diren irakasleen klaseak ez dira ordezkatuko.

Zabaleko Ikastetxea
10 emakumek egiten dute lan ikastetxean, eta 4k egingo dute greba. 2-3 urteko gelako haurrak gurasoekin egon beharko dira 11:00etatik 15:00etara arte. Ez da jantoki zerbitzurik egongo.

Artziniegako Arteko Gure Ama eskola
Emakume langile batzuk greba egingo dutela adierazi dute, baina guztiek ez dute zehaztu zer egingo duten. Printzipioz ohiko ordutegi eta jarduna mantenduko dute.

Urduñako Herri Eskola
11:00etatik 15:00etara lanuztea ia erabatekoa izango da. Zerbitzu minimoak baino ez dira egongo -bi langile-.

Arrankudiagako Eskola
Lau orduko lanuztea egingo dute emakume langileek, 11:00etatik 15:00etara. Denbora-tarte horretan ez da zerbitzurik eskainiko.

Etxaurren Ikastola
Ez dakite zehazki zenbat emakumek egingo duten greba. Ikastetxea zabalik egongo da.

Urduñako Andra Mari ikastetxea
Urduñako Udalak deitutako elkarretaratzera joango dira emakume langileak, 12:00etan. Gizonezkoak, aldiz, klasea ematen jarraituko dute.

La Milagrosa ikastetxea
Hainbat ekintza egingo dituzte ikastetxe barruan, klaseko orduetan. Ohiko ordutegi eta zerbitzuak eskainiko dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide