Martxoaren 8an kalera aterako dira Laudio Ikastolako emakume langileak Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez. Horrela erabaki zuten ikastetxeko beharginek langile asanbladan. Egun horretan deituak dauden 11:00etatik 15:00retarako eta 18:00etatik 22:00etarako plantoetan parte hartuko dute.
Langileen gehiengoa emakumea
Laudio Ikastolako langileen %76 emakumezkoa da: Haur hezkuntzan %100, lehen hezkuntzan %88, bigarren hezkuntzan %56, garbiketan %91, jantokian %82 eta idazkaritza zein mantenuan %33. Lanuzteek eragin zuzena izango dute, ondorioz, ikastetxean eta hurrengo egunetan greba egunari begirako argibideak plazaratuko dituzte,
Ildo beretik, dei egiten diote hezkuntza komunitateko emakume kolektiboari martxoaren 8a bitarte zein greba egunean bertan burutuko diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeko; hala nola, Laudioko Kultura Etxean greba antolatzeko egingo diren asanbladetan edota Martxoaren 8an eskualdeko herri desberdinetan egingo diren ekimenetan.