Herri-galdeketaren nolakotasuna azaldu eta parte hartzeko deia zabaldu du Gure Esku Dagok

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko mar. 27a, 10:00

Okondon egin zuen agerraldia Airaldeko Gure Esku Dagok. / Aiaraldea.eus

Galdeketaren nolakotasuna eta parte hartzeko irizpideak azaldu zituzten igandean, Okondon egindako prentsaurrekoan. Herritar orori zabaldu zioten "ahalduntze ariketa demokratikoan" ekarpena egiteko deia.

"Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?". Hori da Aiaraldea Bat elkarteak datorren maiatzaren 6an antolatuko duen herri kontsultan aiaraldearrei luzatuko dien galdera.

Duela hilabete egin zuten publiko galdera, baina igandean Okondon egindako prentsaurrean aurkeztu zuten. Horrekin batera maiatzaren 6ko herri-galdeketaren zenbait argipen ere azaldu zuten.

Bozkatzeko aukerak
Kontsulta maiatzaren 6an burutuko da eta hautestontziak 9:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. Aurretiaz bozkatzeko aukera ere egongo da, apirilaren 20tik maiatzaren 4ra.

16 urtetik gorako herritar orok parte hartu ahalko du galdeketan. Galdeketa mahaietan, ordea, ez da hautesle-erroldarik egongo. Aiaraldea Bat-ek hautesleek parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko aurkeztu dezaketen dokumentazioa zerrendatu du: Nortasun Agiri Nazionala, gida-baimena, Euskal Herriko Nortasun Agiria (EHNA) errolda agiriarekin batera aurkeztuta, bizileku-txartela edo norberaren jatorrizko estatuak jaulkitako pasaportea.

Aurkeztutako dokumentazioak helbiderik ez izatekotan errolda agiria derrigorrezkoa izango dela argitu dute.

Ahalduntze ariketa
Aiaraldea Bat elkarteak aldarrikatu du erabakitzea herritar guztiei dagokien eskubidea dela. Horretarako, erabakitze eskubidea eztabaida publikoaren erdigunean kokatu nahi dute antolatzaileek. Galdeketa "gizartean dauden lubakiak erauzi eta herritarrak ahalduntzeko tresna" bezala islatu dute.

Parte hartzeko deia
Azkenik, galdeketaren aurretik gauzatuko diren ekintzetan bai eta ekainaren 10ean eskualdea zeharkatuko duen giza-katean parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Hauek dira Aiaraldea Bat elkarteak egingo dituen hurrengo ekintzak:

  • Apirilaren 16an Elkarrekin together filmaren proiekzioa Amurrio Antzokian.
  • Apirilaren 22an elkarretaratzea eta erromeria Oletako landetan.
  • Apirilaren 26an mahai-ingurua Laudion Garbiñe Aranburu, Emilio Olabarria eta Julen Zabalorekin.
  • Maiatzaren 4an kanpaina bukaerako hitzaldia Amurrion Juan Jose Ibarretxe eta Angel Oiarbideren eskutik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide