Aiarako Salmanton herritik gertu dauden Oleta landetan erabakitzeko eskubidearen aldeko agerraldi jendetsua deitu du Aiaraldea Bat elkarteak. Maiatzaren 6an gauzatuko diren herri-galdeketen aldeko kanpaniari hasiera emango diote bertan.
Oletako trikuharriaren inguruan Gure Esku Dagok "herri honen etorkizunerako bidea marraztea" du helburu. 12:00etatik hasita ekintza ugari egingo dituzte bertan eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak hartuko du protagonismoa. Ekintzen artean, herri-kirolak, bertsoak eta dantzak egongo dira. Hilean Bariku Bat Orozkoko musika taldeak girotuko du eguerdia.
Zutabeak herrietatik
Oletara heltzeko martxak eta zutabeak antolatuko dituzte eskualdeko hainbat herrietatik. Ibilbide gehienek Gorobel mendilerroaren azpitik doan "Sopeñako bidea" jarraituko dute. Antolatzaileek adierazi bezala, "bide hori Aiaraldeko herritarren arteko komunikaziorako tresna ezinbestekoa izan zen aintzina, martxa hauekin gure arbasoek egin bezala, gure bidea egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu".
Apirilaren 22an bost martxa abiatuko dira Oletara: Kexaatik, Artziniegatik, Urduñatik, Amurriotik eta Salmantonetik. Ibilbideen nondik-norakoak zehaztu ditu antolakuntzak; gainera, autobus zerbitzua eskainiko dute jendea herrietara itzul dadin, 15:00ak aldera. Zutabeetan izena-emateko aukera zabalik da dagoeneko, parte hartu nahi duen oroko Aiaraldeko Gure Esku Dagoren lokaletara edota mendi klubetara jotzea besterik ez du.
Gazteak bizikletaz
Eskualdeko gazteek Oletara bizikletaz gerturatzeko deia zabaldu dute. Zutabeak antolatuko dituzte Urduña, Amurrio, Laudio eta Okondotik. Hala, Olabezar eta Murga arteko bidegurutzean egingo dute bat eta Oletarainoko ibilbidea osatuko dute guztiak elkarrekin Kexaatik igaroaz.
Maiatzaren 6rako motorrak berotzen
Oletako elkartaratzea maiatzaren 6an egingo diren herri-galdeketen aldeko kanpainiaren abiapuntua izango da. Gure Esku Dagok azaldu bezala, Aiaraldeko herritarrak "ahalduntzeko ariketa demokratikoa" dira galdeketak, "herritar orok duen erabakitzeko eskubidea" erdigunean kokatuz. Herri-galdeketak Amurrion, Arakaldon, Aiaran, Artziniegan, Okondon eta Laudion antolatuko dira.