Geroz eta hurbilago dago egun handia. Maiatzaren 6an eskualdeko sei udalerritan egingo dute erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketa: Arakaldon, Amurrion, Laudion, Aiaran, Artziniegan eta Okondon.
Galdera honakoa izango da: “Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?”. 16 urtetik gorako herritar orok izango du bozkatzeko aukera, ondorengo dokumentu hauetako bat plazaratuta: Nortasun Agiri Nazionala, gida-baimena, Euskal Herriko Nortasun Agiria (EHNA) errolda agiriarekin batera aurkeztuta, bizileku-txartela edo norberaren jatorrizko estatuak jaulkitako pasaportea.
Goizeko bederatzietan irekiko dira hautestontziak eta arratsaldeko zortziak arte egongo dira irekita. Horrez gain, aukera egongo da baita ere botoa aurrez emateko, egunean bertan bertaratzeko aukerarik izan ezean. Bozkatzeaz gain, beste hainbat ekintzez gozatzeko aukera ere egongo da, ia herri guztietan prestatuko baitituzte egun osoko egitarauak.
Hilabeteetako lana
Galdeketaren antolatzaileek hilabete ugari daramatzate lanean ekimena aurrera ateratzeko. 5.000 sinadura baino gehiago bildu zituzten udazkenean, kontsulta egiteko babes nahikoa zutela ziurtatzeko. Jendarteko hainbat sektoreren atxikimenduak lortu dituzte baita ere: emakumeena, etorri berriena edota pentsionistena kasu. Azken asteetan hainbat hitzaldi egin dituzte, erabakitzeko eskubidearen alor ezberdinak lantzeko. Mus Txapelketa ere egin dute. Artziniegako Batzokian jokatu zen finala. Antolatzaileek nabarmendu dute 30 bikotek parte hartu dutela lehiaketan.
Baina orain arteko ekimenik jendetsuena iragan apirilaren 22an Oletan egindakoa izan zen. Ehunka herritar bertaratu ziren bertako zelaietera, erabakitzeko eskubidearen aldarria oinez zein bizikletaz zabaltzeko. “Urduñako jendea ere bertaratu zen, nahiz eta aurten hirian ez den galdeketa egingo”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Hurrengo zitak
Datozen egunetarako ere hainbat jarduera dituzte programatuta. Maiatzaren 4an, adibidez, Juan Jose Ibarretxe eta Angel Oiarbide igoko dira Amurrio Antzokiko oholtzara, “kanpaina amaierako solasaldia” eskaintzera.
Ehunka herritarren laguntza
“Lan handia dugu esku artean, laguntza behar dugu”, aitortu du kontsultaren antolakuntzan murgildua dagoen Jose Prietok. Herrietako arduradunen telefono zenbakiak jarri dituzte laguntzeko prest dagoen ororen eskura -eskumako zutabean kontsultatu daitezke-. “Laudion 100 bat lagun egongo gara lanean galdeketaren egunean, eta eskualdean guztira 200 pertsona inguru beharko ditugula aurreikusi dugu”.
Gazteen presentzia
“Funtsezkoa” da herri galdeketan gazteek parte hartzea. Hala adierazi du antolakuntzan murgildua dagoen Andoni Arribas artziniegarrak, “16 urtetik gorako gazte guztiek izango dute horretarako aukera, gainera”.
Eskualdeko gazte ugari batu dira galdeketaren antolakuntzara. Laudion agerraldia egin zuten San Blas azokan, ekimenarekiko atxikimendua adierazteko. Igandeko ekitaldian ere presentzia nabarmena izan zuten, Gazte Karabana antolatu baituten Oletako zelaietaraino. Horrez gain, Amurrioko gazteek txosna jarri zuten bertan.
Aurrera begira
Gure Esku Dagoko kideek argi dute zein den maiatzaren 6ko galdeketaren helburua: “ahalik eta jende gehienek gauzatzea erabakitzeko eskubidea, jai giroan”. Hala ere, argi dute hori “lehen pausoa” baino ez dela izango. Kontsultako emaitzak plazaratu eta jarraian ekin beharko diote hurrengo erronkari: ekainaren 10ean egingo den giza katea antolatzea. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu ekimen horrek, eta Aiaraldea goitik behera zeharkatuko du.
Aiaraldeko Gure Esku Dagoko kidea den Kepa Barañok argi du zein den ekimen maratoi horren atzean dagoen helburua: “Euskal Herrian erabakitzeko eskubideaz geroz eta gehiago hitz egitea”. Horretan ari dira.