Aiarako Kuadrillaren batzarra egin dute gaur eguerdian Amurrioko udaletxean. Hainbat gai jorratu dituzte bertan, baina pisu nabarmena izan du turismo-arloak. Eskualdeko turismoa kudeatzeko lan mahaia osatzea onartu dute bilkuran. Talde politiko guztiek bozkatu dute alde, Omnia salbu. Alderdi laudioarreko kidea den Nerea Gonzalezek adierazi du ados dagoela mahaia osatzearekin, baina uste du hori baino lehen “ahal bezain beste agenterekin” hitz egin beharko litzatekeela, “mahaiaren jarduna aberasteko”.
Maider Basterrak erantzun dio gaurkoa “hasierako onarpena” baino ez dela. Kuadrillako presidenteak jakinarazi du laster ekingo diotela agenteen ekarpenak jasotzeari, “mahaiaren osaketaren behin betiko onarpena baino lehen”.
Basterraren arabera, Aiaraturren lekukoa hartzea izango da lan-mahai horren xedea, “iraganean eginiko akatsetatik” ikasiz. Iaz hartu zen Aiaratur disolbatzearen erabakia. Gauzak hala, elkarte horrek kudeatzen zituen lan-ildoei jarraipena emango die mahaiak. “Familia-turismoa sustatuko dugu, mendi-ibilbideak kasu”, azaldu du presidenteak. Gastronomia eta Txakolinaren Ibilbidea ustiatzen jarraituko dute baita ere, eskualdeko ostalariekin elkarlanean.
Marka eta logo berriak
Kuadrillaren “Aiaraldea” marka eta logo berriak ere onartu dituzte batzarrean, talde guztien aldeko botoekin. Aho batez onartu dituzte baita ere Berdintasun Plana eta LGTBIQfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta plazaratutako adierazpen instituzionala.
EAJk eta EH Bildu mozio bana aurkeztu dute gai-ordenetik kanpo, biak ala biak Batzar Nagusiei begirako hauteskunde legeari buruzkoak. Hala ere, beste batzar batean eztabaidatzeko utzi dituzte, gainontzeko talde politikoek denbora gehiago izan dezaten mozioak irakurri eta zein jarrera hartu erabakitzeko.