“Beldurrik eta koakziorik gabe” bozkatzeko deia egin diete LAB, STAT eta USO sindikatuek Tubacexeko langileei

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 31a, 07:00

Mobilizazioak egin dituzte LAB, STAT eta USOk zuzendaritzari negoziatzera bultzatzeko. / Aiaraldea.eus

Hiru sindikatuek gogor kritikatu dute ELA, CCOO eta Independenteek lan-hitzarmenaren negoziazio osoan izandako jarrera. Gaur egingo da akordio-proposamen berriaren bozketa.

Irakurketa bateratua plazaratu dute LABek, STATek eta USOk gaur Tubacexen egingo den lan-hitzarmen proposamenaren bozketa dela eta. Berez, gezurretan aritzea leporatu diete ELA, CCOO eta Independenteei.

Nabarmendu dutenez, hiru sindikatu horiek aurkeztutako lan-hitzarmen proposamenak ez dakar inolako hobekuntzarik langileentzako. “Uneoro utzi dugu argi gure estrategia langile guztientzako hitzarmena lortzea dela, ez batzuk guztien kontura poltsikoak betetzea”.

Hitz gogorrak baliatu dituzte LAB, STAT eta USOk beste hiru sindikatuen aurka: “Esan ahalko zenigukete langile guztioi noiz eta non negoziatu duzuen lan-hitzarmen hau? Inguruko jatetxeetan bazkaltzen?”.

Langileen erdia “negoziazioetatik alboratzea” egotzi diete irakurketan, hobekuntza gisa aurkeztu dituzten puntuak hala ez direla azpimarratzearekin batera. “Ez dute hobekuntzarik lortu, ez dira ahalegindu ere egin”.

Aurreko lan-hitzarmena ere izan dute hizpide: “Zuek baino ez zenuten hitzarmen hori sinatu, eta langile guztiak ari gara akordio horren ondorioak sufritzen, eskubide sozial eta ekonomikoen galera argi batekin”. Horregatik, “patronalaren eskutik” joatea leporatu diete ELA, CCOO eta Independenteei, “langileentzat inolako onurarik lortu gabe”.

"Koakzioak"
Era berean, lantegietan azken asteetan jazotako gertaerak salatu dituzte LABek, STATek eta USOk. “Lotsagarria da nola behartu dituzten fabrikako arduradunak, hauek langileak modu autoritario eta kasu batzuetan diktatorialean presionatu zitzaten, modu horretan beldurra izan eta baiezko botoa eman dezaten”.

Zuzendaritzaren jarrera ere kritikatu dute hiru sindikatuek, langileei bidalitako gutun pertsonalizatuak gogora ekarriz, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, gaur “inolako beldur eta koakziorik gabe” bozkatzeko deia luzatu diete langileei, botoa “sekretua eta pertsonala” dela gogorarazita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide