Nolakoa izango da Greba Feminista eskualdean? Iaz, asko izan ziren feminismoaren olatura igo zirenak martxoaren 8an. Aurten ere, milaka emakumeren parte hartzea espero dute eskualde, Euskal Herri eta mundu mailan.
Olatu morearekin sistema heteropatriarkatua iraultzea izango da xedea. Bailaran, orotara, 40 ekintza baino gehiago prestatu dituzte. Asteburuan aurkeztu ditu Aiaraldeko Mugimendu Feministak martxoaren 8ko ekintzen egitarauak, eta guztira, 40 ekintzatik gora egongo dira 6 herritan: Urduñan, Amurrion, Aiaran, Artizniegan, Laudion eta Orozkon. Eskualdeko manifestazioa Urduñan izango dela eta, kotxe karabana batekin osatuko dute ibilbidea 18:30etik aurrera, Orozko, Laudio, Luiaondo eta Amurrio lotuta. Herrietako arratsaldetako manifestazioak eta auto karabanak mistoak izango dira -hots, gizonezkoek ere hartu ahalko dute parte- beti ere protagonismoa eta lehen lerroa emakumeei utzita.
Emakume guztiak daude deituta grebara. Hargatik, Aiaraldeko Mugimendu Feministak arreta berezia jarri dio aurten komunikazio hizkuntzari, eta zenbait bitarteko -eskuorriak kasu- euskaraz, gazteleraz eta arabieraz idatzi dituzte. Modu horretan nahi dute aldarria ahalik eta jende gehienarengana iristea.
Zein da, beraz, gizonezkoen egitekoa grebari dagokionez martxoaren 8an? Batetik, zaintza lanen ardura euren gain hartzea, egun batez behintzat. Eta, bestetik, emakumeek planto egin dieten zereginak ez gauzatzea.
24 orduko kontsumo greba
Zergatik deitu dute 24 orduko kontsumo greba? Galdera ezberdinak luzatu ditu Aiaraldeko Mugimendu Feministak bideoan, gogoetarako: Nori dago bideratua kontsumo eredua? Publizitateak nola irudikatzen ditu emakumeak? Zein lan baldintzetan ekoitzi dira produktu gehienak? Noren gain geratzen dira etxeko zein komertzioetako garbiketa zein janari prestaketa lan gehienak? Hori dela eta, saltokiak ixteko eskatu diete komertzioei: "Denok egin behar dugu planto sistemak kolpea nabaritu dezan". Horrenbestez, herritar orori eskatu diete martxoaren 8an ez kontsumitzea.
Zaintza banatzeko dosierra
Eta norbanako gisa, zer egin genezake? Aiaraldea Ekintzen Faktoriako feminismo eta hezkuntza lan-taldeek, zaintza ardurak eraldatze aldera, 0 eta 18 urte bitartekoekin lantzeko ariketak eta gomendioak bildu dituzte dosier batean. Hala, haur eta gazteen etapetan banatu litezkeen ardurak eta bultzatzeko errazak diren ohiturak bildu dituzte. Dosierra Aiaraldea.eus atarian deskarga liteke.