“Eskola txikiaren izpiritua mantentzea lortu dugu Arrankudiagan”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abu. 8a, 08:32
Nekane Otxoa, Arrankudiagako jaietako txupineroa. / Aiaraldea.eus

NEKANE OTSOA ABRISKETA (UGAO, 1959) Arrankudiagako eskolako zuzendaria izan da orain arte. 32 urte eman ditu ikastetxean lanean, eta ekainean amaitu zuen bere azken ikasturtea. Andramari jaietako lehen suziria pizteko hautatu dute.

Aurten erretiratuko zara, Arrankudiagako Eskolan zuzendari urte andana igaro eta gero. Hori dela eta, aurtengo jaietako txupinero izateko hautatu zaituzte. Nola bizi dituzu une hauek?

Aurten amaitzen dut eta imajinatzen dut horregatik hautatu nautela jaietako suziria pizteko. Umeekin egon nintzen azken astea bai izan zela berezia, 32 urteko ibilbideari amaiera eman niolako. Gauza asko mugitu ziren nire barruan. Guraso, ikasle, lankide eta ikasle ohien artean egin zidaten agurra. Espero ez nuen agur bat izan zen, gainera. Ez nuen uste halako agurrik egingo zidatenik... sorpresa guztiz hunkigarri eta polita izan zen. Egia esango dizut: omenaldi hura ostiralean izan zen, eta larunbat osoa eman nuen negarrez, asko hunkitu nintzelako.

Irakasleekin ere izan nuen agurra, eta hori ere oso polita izan zen. Izan ere, hiru eskola proiekturen koordinazioa eraman dut aurrera azken 15 urteetan.

Txupinazoa zure agurraren “ginda” dela esan daiteke, beraz.

Bai, oso proposamen polita da. Badirudi Arrankudiagan nire aztarna txikia utzi dudala.

Arrankudiagako Eskolan eman duzu zure irakasle ibilbide osoa?

Aurten 39 urte beteko ditut irakaskuntzan, eta Arrankudiagako Eskolan 32 urte igaro ditut.

32 urtetan belaunaldi asko pasa dira eskolatik. Zer nolako bilakaera egon da?

Eskolaren tamaina da gehien aldatu dena. Ni etorri nintzenean 29 ume eta hiru irakasle baino ez geunden. Estu eta larri genbiltzan, horren ume gutxi egonda ikastetxeak itxita amaituko zuela uste genuelako. Orain 124 ikasle eta 14 irakasle uzten ditut eskolan. Aldaketa handia izan da, beraz.

Baina tamaina handitu egin den arren ni beti saiatu naiz eskola txikiaren izpiritua mantentzen. Eskola txikiek dituzten onura guztiak baliatu behar dira edozein tamainako ikastetxeetan. Ahalegin handiak egin ditugu horretarako, eta horretan jarraituko dutela uste dut.

Arlo metodologikoan ere egon da aldaketa bat. Ez da bat-batean gauzatu eta ez da ere ez oso aldaketa handia izan, oinarrian beti egon baita metodologia bera, baina egiteko moduan bide propio bat eraikitzen eta ezartzen aritu gara. Lan sendo bat egon da hor, aztarna utzi duena.

Zertan datza “eskola txikiaren izpiritua”?

Eskola txikia izateak dakarren abantaila da adin ezberdinetako ikasleak nahastuta daudela, elkarren arteko interakzioan daudela etengabe. Guk orain aukera izango genuke, ikasle kopurua dela eta, haurrak mailaz maila taldekatzeko. Baina apurtu egin dugu horrekin. Gela berean adin ezberdinetako umeak izaten jarraitzen dugu. Aldaketak egin beharko ditugu antolakuntzan, gela bakoitzeko bi irakasle jarri... baina adin nahasketa ezinbestekoa da. Ikasleen artean ematen diren interakzioak hain dira aberatsak ikasketa prozesuari eta sozializazio prozesuari dagokionez, ezen ezin baitiogu uko egin. Behin eta berriro baliatzen dugu hori, etengabe. Hori da “eskola txikiaren izpirituaren” zati bat. Beste bat da inguruarekin eta herriarekin harremana garatzen duzula. Herrian gertatzen dena eskolan sartzen da, eta hori mantentzea askoz zailagoa da eskola handi batean.

 

“Eskolako umeekin egon nintzen azken astea bai izan zela berezia. Gauza asko mugitu ziren nire barruan”

 

Arlo metodologikoari dagokionez, ez dugu testu-libururik erabiltzen eta proiektuka egiten dugu lan. Proiektuei buruz hitz egiten dugunean esanahi ezberdinak egoten dira hitz horren atzean. Horiek garatzeko modu propio bat dugu guk. Umeen jakinmin, galdera eta interesei erantzunak eta bidea ematea da ezinbestekoa guretzat. Inportantea da umeei autonomia ematea helburua nola lortu erabakitzeko. Eurek pentsatu eta erabaki behar dute zer egin lortu nahi duten xede horretara heltzeko. Konpetentzien kontzeptua bizi-bizirik dago hor. Umeak konpetenteak izan behar dira esku artean dituzten erronka guztiei aurre egiteko.

Ikasleen aniztasuna ulertzeko moduak ere bereizten gaitu. Haur guztiek ez dute zertan berdin erantzun erronka baten aurrean, ez dituzte estrategia berdinak erabiltzen, ez dituzte aurreiritzi eta hipotesi berdinak... Horregatik, gauza horiek ez ditugu oztopotzat hartzen, aberasgarritzatik baizik. Umeen artean ematen diren interakzioak, elkarlanak, elkar ulertzeak... hori dena garrantzitsua da proiektu baten garapenean.Proiektu amaiera ere berezia da, burututako ibilbidea publiko egiten baita, gurasoen aurrean.

Eskola uztear zauden une honetan, zeintzuk uste duzu izango direla zentroak datozen urteetan izango dituen erronkak?

Eskola sendotzea gustatuko litzaidake. Zentroan geratzen den taldearekin nik uste dut hori bermatua dagoela, datorren ikasturterako behintzat. Gero irakasleak eta ikasleak aldatzen joango dira, eta baita garaiak ere... eta gauzak ere moldatzen joan beharko dira, ni sartu nintzenean zegoen eskola eta gaur egungoa berdinak ez ziren bezalaxe.

Nik uste urte hauetan guztietan zehar eskolak hoberantz jo duela, irakasleen praktikaren gaineko hausnarketaren ondorioek mugituta. Orain eskolan geratzen direnek ere hala egingo dute: analisiak egin eta horien emaitzen arabera joango dira gauzak modu batean edo bestean egiten.

Baina gure lehentasuna beti izango da umeen onerako jardutea, eskola txikiaren izpiritua mantendu edo ez, proiektuka lan egin edo ez. Niretzat eta eskolarentzat umea bera izan da beti garrantzitsuena, ikaslea bere ikasketa prozesuaren protagonista izatea. Nik uste hori mantenduko dela aurrerantzean, umearen ongizatea helburu. Helburura iristeko moduak aldatuz joan daitezke, baina helburua ezin da aldatu, nire ustez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide