Abuztuaren 14tik 19ra ospatuko dira Arrankudiagako Andra Mari jaiak. Marmitako eta tortilla zaporearekin hasiko dira festak asteazkenean. Txupinazoak jaiak lehertu baino lehen, txapelketa gastronomikoan parte hartzeko aukera egongo da, eta jaien lehenengo gaua musikaren bitartez luzatuko da. Ostegunean, Andra Mari egunean, pilota partidak eta antzerkia izango dira protagonista.
Jaien bigarren txanpari hasiera emateko, ostiralean, gaurko eta atzoko gazteak izango dira jaien epizentroa. Izan ere, jubilatuen zein gazteen bazkariak izango dira eguneko ekintza nagusiak.
Ohiko eskema mantenduko dute Arrankudiagako aurtengo jaiek, urtero errepikatzen diren jarduerak nabarmenduta: marmitako txapelketa, kofradia bazkaria, odoloste jana...
Igandean, tradizioa den Kofradia Egunaren bueltan bilduko dira herritarrak. 1602. urteko dokumentu batean agertzen da otordua lehenbiziko aldiz, baina tradizioa askoz lehenagokoa da, Txomin Egiluz historiazalearen arabera. Bere hitzetan, “anaitasuna sustatzea eta hildakoak oroitzea” zen bazkariaren hasierako helburua, eta hainbat ekimen egiten ziren otordua finantzatzeko: “Bolatokiaren kudeaketa enkantean ateratzen zen, adibidez”. Egiluzek ikertutakoaren arabera, hasieran ez zitzaien uzten emakumeei bazkarian parte hartzen, baina denboraren poderioz onartuz joan ziren. Frankismoan, baina, etenaldia izan zuen tradizioak, eta 1976. urtean berreskuratu zen. Orduz geroztik, “herri bazkari” baten modukoa da Kofradiarena, “herritar guztiei erabat irekia”. Menua da urteen poderioz aldatu ez zen bakarra: “hasierako berdina izaten jarraitzen du: berakatz zopa, garbantzuak azarekin eta sukalkia”.
Odolostea eta berakatz zopa janaz agurtuko dituzte herritarrek andramariak astelehenean. Jaiei amaiera emateko, urtero bezala, afalorduko odoloste jana izango da jarduera nagusietako bat. Eta gaua luzatuko dutenek goizaldeko 5:00etan agurtuko dituzte aurtengo Arrankudiagako Andra Mari jaiak, berakatz zopa jatearekin batera… hurrengo urtera arte.
Iazko jaien bideo-erreportajea, hemen ikusgai:
EGITARAU OSOA
Abuztuak 14, asteazkena: Bezpera
17:00 // Kamisetak banatzea
18:00 // Kalejira
18:00 // XXXV. Marmitako Txapelketa
Izen ematea 18:00etatik 18:30era
19:30 // XXVI. Tortilla Txapelketa
Herriko 0 eta 18 urte arteko gazteentzat. Izen ematea 18:00etatik 18:30etara
20:00 // Tortillen eta marmitako lapikoen aurkezpena
20:15 // Txupinazoa
23:00 // DJ Mariskal
Abuztuak 15, osteguna: Andra Mari
10:00 // Diana
11:00 // Meza nagusia
12:30 // Poteoa dultzaineroekin
19:00 // Pilota partidak
20:30 // Antzerkia: Eutsi, Ramon!
Trapu Zaharra taldearen eskutik
Abuztuak 16, ostirala: Gaurko eta atzoko gazteen eguna
12:00 // Meza
12:45 // Mahai jokoak
13:00 // Gaztepoteoa
14:30 // Jubilatuen bazkaria
Gizarte etxean. Ondoren, erromeria
15:00 // Gazteen bazkaria
Ondoren, bingo musikatua
19:00 // Pintxopotea
Ibilbidea: Gizarte Etxea, Batzokia, Iberlanda eta Elexalde plaza
21:00 // Kontzertuak: Katilu, Alarma Morea eta Lokers
Abuztuak 17, larunbata: Umeen eguna
11:30 // Umeen kalejira
Garondotik Elexaldera
12:00 // Umeentzako jolas parkea
Elexalden
14:30 // Umeen bazkaria
Gizarte etxean. Bazkarirako izena emateko zerrendak jarriko dira, abuztuaren 16ra arte
16:30 // Aparra umeentzat
Garondon
17:30 // Bolak
Umeen tirada
18:30 // Bolak
Nagusien tirada, J.I. Larrazabalen VIII. oroimenezkoa
19:30 // Dantzatzeko prest!
21:30 // Kanpamenduko proiekzioa
Iberlanda tabernan kontzertua
Abuztuak 18, igandea: Kofradia eguna
10:30 // Diana
11:00 // Meza
12:00 // Txakolin dastatzea eta erakusketa
13:00 // Elkarretaratzea: Denok batera presoak etxera!
14:00 // Umeen kofradia bazkaria
14:30 // Kofradia bazkaria
Eliza atarian
16:00 // Kantuak Joxe Mendizabalekin
20:00 // Los Cazahuates mariatxia
Abuztuak 19, astelehena: Berakatz eguna
19:00 // Pilota partidak
21:30 // Odolosteak afaltzera
Herriko tabernetan
23:00 // Kontzertuak: Kilimak eta Zirkinik Bez erromeria
05:00 // Berakatz zopa