[ERREPORTAJEA] Basurdeak herrigunera jaisten direnean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 24a, 07:00
Basurde populazioa ugaritu egin da azken urteetan eskualdean. / Josep Sanz

Whatsapp taldeetan eta sare sozialetan ziztu bizian hedatu zen Laudioko bizilagun batek basurde talde bati eginiko bideoa.  Animaliak herrigunera jaitsi ziren eta Zumalakarregi etorbidean barrena egon ziren ibiltzen. Gertaera anekdotiko horren atzean, baina, badago mamia: basurdeen populazioak nabarmen egin du gora azken urteetan, hainbat faktore medio.

Iragan urriaren 15ean basurde talde bat menditik jaitsi eta Laudioko herrigunean barrena ibiltzen egon zen. Herritar batek sakelakoarekin grabatu zuen gertatutakoa, eta bideoa bolo-bolo ibili zen sare sozialetan eta whatsapp taldeetan barrena.

Gertatutakoa, berez, anekdota hutsa izan zen. Basurdeak ikusi zituzten herritarrek Ertzaintza deitu zuten, eta honek hartu zuen animaliak jarraitzearen ardura. “Gertakari erabat anekdotikoa izan zen”, azaldu du Joseba Amondo alkateordeak. Basurdeekin aparteko arazorik ez dagoela ziurtatu du zinegotziak, “mendien alboan bizi gara, normala da horrelakoak gertatzea”.

Populazio igoera
Iker Uribarri baserritarrak, aldiz, arazoa aspaldikoa dela dio. “Orain bilakatu da garrantzitsua herritarrentzat, basurdeak Zumalakarregi etorbidearen erditik igaro direlako”. Bere ustez, hainbat faktorek eragin dute basurdeen ugaritzean: basoa eta baserri mundua abandonatuak geratzen joan dira, pinuz josi dira mendiak. Basurdeak oso trebeak dira bizirauten. Eme batek bi kumaldi izan ditzake urtean, sei-zortzi kume inguru”.

Enrique Arberasek ere uste du basurdeen populazioak nabarmen egin duela gora, eta datozen urteetan joera mantenduko dela iradoki du.  “2025erako egungo populazioa bikoiztu daiteke. Berez, azken 12 urteetan hori gertatu da, nahiz eta 2017an 327.000 basurde inguru hil zituzten estatu osoan”, azaldu du biologo amurrioarrak.

Bere iritziz, hainbat aldagai daude gorakada horren atzean. Aldaketa klimatikoa da horietako bat: “neguak hain gogorrak ez direnez, animali gehiagok lortzen dute bizirautea. Horri gehitu behar zaio ehiza ez dela nahikoa hazkundeari aurre egiteko eta basurdeak ez duela harrapakaririk -otsoa edo artza, esaterako-”.

Gauzak hala, igoera nabarmena izan da eskualdean, Uribarriren ustez: “bere garaian bost basurde inguru baino ez zeuden, eta orain 200 inguru dira. Hutsik zegoen espazioa okupatu dute, arratoiak bezalakoak dira”.

Sortzen dituzten arazoak
Arazo ugari sortzen dute ugaztun horiek, baserritarrak aipatu duenez. “Ortuak suntsitzen dituzte eta basurde zaharrek ardiak hil ditzakete, kasu horiek oso puntualak diren arren”.

Gauzak hala, ehiza areagotzea da irtenbidea, Uribarriren ustez. “Aldundiak badaki horrelako gauzak gertatzen direla. Ehiza garaia zabaldu beharko lukete, badaudelako animalia horiek ehizatzeko prest dauden ehiztariak”.

Ehiza
Ehiza denboraldia handitzearen aukeraz galdetuta, Amondok gogorarazi du Aldundiak soilik duela ehiza eremu eta garaiak kudeatzeko eskumena. “Udalerri bakoitzak du bere ehiza esparrua. Laudiokoaren kasuan, larunbatero daude uxaldiak. Aldundiko txostenek kalkulatzen dute 2,17 basurde daudela Laudioko esparruan 100 hektareako. Lur zabalera horrek zortzi basurde izateko gaitasuna du”.

Horregatik, alarma egoera batetik urrun gaudela uste du zinegotziak. “Nik herritarrei gomendatuko nieke zaborra dagokien edukiontzietan sartzea eta kalean janaririk ez uztea, hori baita basurdea herrigunera erakartzen duena”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide