Gauerdian, zehazki 00:30ak aldera, mezua bidali die Tubacex taldeko zuzendaritzak langileei, jakinarazteko ez zutela fabriketara joan behar.
Izan ere, Espainiako Gobernuak BOEn argitaratutako dekretuak ez du jaso jarduera siderurgikoa ezinbestekotzat, nahiz eta zabaldutako zirriborroak hala egiten zuen.
Ondorioz, behargin gehienak euren etxeetan geratuko dira eta bakarrik joan beharko dira euren lanpostuetara ekoizpena modu antolatuan eta seguruan gelditzeko beharrezkoak direnak eta zenbait bezeroentzat bukatu behar diren eskaera kritikoak bermatu behar dituztenak.
Enpresak berak barkamena eskatu die langileei agindua hain berandu jakinarazteagatik, dekretua argitaratu arte informazioa "nahasgarria" izan delako.
Negoziazioak, atzeratuta
Gaur berriz bildu egin dira Enpresa Batzordea eta zuzendaritza aurreko ostiraleko negoziazioei berriz heltzeko, baina ez dute adostasunik lortu. Enpresak 6 hilabeteko enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea jarri du berriz mahai gainean, baina sindikatuek ez dute proposamena onartu. Gauzak hala, enpresa bere ohiko jardunera itzultzen denean jarraituko dute negoziazioekin.