[ANALISIA] Tubacex eta Tubos Reunidosek jarduera eten beharko dutela dio Errege Dekretuak, baina ate batzuk zabalik utzi ditu

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 30a, 06:00

Tubos Reunidoseko bi langile, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Hori da atzo zabaldu zen zirriborroaren eta azkenean argitaratu den behin betiko Errege Dekretuaren arteko ezberdintasun nagusienetako bat. Lehenak industria siderurgikoa "funtsezkoa" zela kontsideratzen zuen. Bigarren dokumentuak, aldiz, ez du aipatu ere egiten.

Atzo gauean argitaratu zen “funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa” eteteko agindua arautzen duen Errege Dekretua, 23:36ak aldera. “In extremis” argitaratu zela esan daiteke, ordu erdi eskas falta baitzen gaurko eguna hasi eta, ondorioz, dekretuan bertan idatzita dagoena indarren jartzeko.

Behin betiko dokumentuak ezberdintasun batzuk ditu atzoko egunean zehar zabaldu zen zirriborroarekiko, eta horrek eragin zuzena izango du eskualdeko langileengan. Ser irratiak zabaldutako behin behineko dokumentuan, adibidez, industria siderurgikoa “funtsezko jarduera” kontsideratzen zen. Hori dela eta, gaur lanera joateko agindua luzatu zien atzo Tubacexeko zuzendaritzak beharginei. Hala ere, azken unean atzera egin du enpresa taldeko zuzendaritzak, 00:30ean bidali bitite mezua beharginei azkenean lanera joan behar ez direla esateko. 

Behin betiko Errege Dekretuko salbuespenen zerrendan, baina, ez da industria siderurgikoa ageri. Gauzak hala, Tubacexeko zein antzeko fabriketako langileak (Tubos Reunidos kasu) ez lirateke lan egitera joan beharko. Hala ere, araudiak gaurko eguna (martxoak 30) ematen die enpresei euren itxiera planifikatzeko.  

Dena dela, dokumentuaren 4. puntuak “tranpa” egiteko aukera eman ahal die enpresetako buruei, “lan-txanda edo gutxieneko langile kopurua" ezartzeko aukera ematen baitie, “ezinbestekoa den jarduera aurrera eramateko”. Araudiaren arabera, jarduera eta langile kopuru horiek “ohiko asteburu” edo “jai-egun” batean daudenak izango lituzke erreferentzia gisa.

Dokumentuaren azken puntuak ere ate bat uzten du zabalik: “esentziala kontsideratu den beste edozein zerbitzu eskaintzea” ere baimentzen duelako. Ikusteke dago Euskal Herriko patronalak azken esaldi horren anbiguotasuna baliatuko duen bestelako jarduera ekonomiko batzuk irekita mantentzen saiatzeko.

Espainiako Gobernuak autonomi erkidegoetako buruekin (Iñigo Urkullu tartean) bildu zen atzo bideokonferentziaz, Ministroen Kontseilua amaitu ondoren. Azken orduko negoziazioak eta dekretua erredaktatzeko behar izan den denbora dira argitaratzea berandutu izanaren arrazoi nagusiak, ElDiario.es hedabideak zabaldutako informazioaren arabera.

Salbuespen ugari
Hala ere, industria siderurgikoa printzipioz kanpoan geratzen den arren, beste sektore batzuetako langileak lanera joan beharko dira datozen egunetan.

Zerbitzuetako batzuk argi dago funtsezkoak direla: osasun sistemari edota elikadurari lotutakoak, adibidez. Beste batzuekin, aldiz, eztabaida gehiago egon daiteke. Dekretuaren azken aurreko puntuak, adibidez, Internet, telefono edo posta bidez eskatutako produktuen banaketa baimentzen du. Zerbitzu horiek beharrezkoak izan daitezke etxetik mugitu ezin den pertsona batek oinarrizko produktuak eskuratu ditzan. Hala ere, bide horien bidez egiten diren eskaera gehienak ez dira horren beharrezkoak, ez behintzat Aiaraldean, Edu Canterla banatzaile laudioarrak elkarrizketa honetan adierazitakoa kontuan hartuta.

Horrenbeste anbiguotasunen aurrean, gauza bakarra dago argi gaurko egunean: gaur astelehenena dela berriz eskualdeko langile askorentzat, beste astelehen bat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide